One Way, bihar topera
Legazpiko musika taldeak kontzertua egingo du bihar, hilabete luzez jo gabe egon eta gero. Lekanazpiren aldeko elkartasun emanaldietako bat izango da. Txost taldeak joko du aurretik
Rober Rodrigo abeslaria, Raul Barroso eta Iñigo Caballero gitarra jotzaileak, Ander Martinez bateria eta piano jotzailea, eta Mikel Gordoa Fux baxua eta harmonika jotzailea irrikitan daude biharko kontzerturako. Guztien artean One Way osatzen dute, 2011n sortutako taldea, eta azken bi urteetako egoera bereziaren ondoren, musika bere ohiko bidera itzultzeko ordua iritsi dela diote.
Bihar jarriko dute legazpiarrek bere alea musikak ohiko martxa hori berreskuratu dezan, Latxartegi aretoan Txost taldearekin egingo duten emanaldiarekin. Musikarekin gozatzeaz eta gozarazteaz gain, Lekanazpi elkarteari laguntzeko asmoa ere badute, horixe baita kontzertuaren helburu nagusia. Hitzordua 19:00etan da, eta sarrerak salgai daude Gurrutxaga eta Karibe Zaharra tabernetan.
Jotzeko gogoz
Biharkoari begira, urduri daude One Way taldekoak, denbora asko delako publiko aurrean jotzen ez dutela, eta «beste leku batzuetara» ohituta daudelako. Latxartegi aretoak errespetua jartzen omen die, eta gainera publikoa eserita izatera ez daude ohituta. Hala ere, «topera» irteteko asmoa dute, eta «soinu potentea» izango dutenez, «kaña eta kaña» emango dutela agindu dute, beti bezala.
Entseguekin duela lau-bat hilabete hasita daude, eta batez ere hurrengo diskorako sortu dituzten abestiak prestatzen aritu dira, kontzertuan aurkezteko. Sei kanta berri dira, eta horiez gain, aurreko bi diskoetan bildutako soinu zaharrak ere gogoratuko dituzte. Bertsioren bat edo beste ere izango dela aurreratu dute.
The velvet bullets
Disko berriak The velvet bullets izenburua hartuko du, eta horixe izango da, gainera, taldearen izena aurrerantzean. «Aspalditik ari ginen One Way izena aldatzeko gogoz, eta iritsi da unea. Belusezko balak esan nahi du».
Disko berria Subeltzako estudioan grabatu dute, Iñaki Gurrutxagarekin. Izena aldatu arren, musika aldetik betiko One Way izango da, estilo nahasketak gustuko dituen taldea. Sei abestietatik, bat gaztelaniaz da eta besteak ingelesez, eta «borroka soziala, amodio eta rock&roll gauak, askatasuna… gai asko ukitzen ditugu». Abestien artean bada bat berezia, Run, taldeko laguna zen Aitor Aldabaldatreku zena gogoratzeko sortua.
Lan berri honen aurkezpenak markatuko du taldearen datozen hilabeteetako agenda. Jotzen jarraitzeko gogoz daude.