EAJren Entzunez Erakiki prozesuak geldialdia egin du Legazpin
Energia berriztagarriak eta klima aldaketaren aurkako borroka izan zituzten hizpide larunbatean Txillida Lantokian egindako jardunaldian
Ingurumenaren gaia lantzeko jardunaldia egin zuen EAJk Legazpin larunbat goizean, Gipuzkoan zehar garatzen ari den Entzunez Eraiki lan dinamika ren baitan. Txillida Lantokian egin zuten bilera, eta energia berriztagarriak eta klima aldaketaren aurkako borroka izan zituzten hizpide, besteak beste.
Imanol Goenaga Eusko Jaurlaritzako Ingurumen aholkulariak zuzendu zuen jardunaldia, klima aldaketaren aurkako borrokari lehentasuna emateko premian azpimarra jarrita. Ildo horretan, “Euskadin helburu argiak dituen ibilbide orri bat” ezartzen ari direla jakinarazi zuen.
Ibilbide horretan, pauso bat energia mendekotasuna murriztea dela aipatu zuen, “beharrezkoa da autokontsumorako ekimen txikiak, parke fotoboltaiko edota eoliko berriak martxan jartzea lurralde osoan”.
Hondakinen kudeaketaz eta ekonomia zirkularraz ere hitz egin zuen, eta “autosufizienteak” izateko beharra aldarrikatu zuen.
Biodibertsitatea ere aipatu zuen ekintza ardatz gisa, eta “Gipuzkoako paisaiaren zati handi bat baserritarrek mendeetan zehar egin duten zaintza, mantentze eta babesaren emaitza” dela nabarmendu zuen. Oreka Berdea terminoa erabili zuen, eta natura ondarearen kontserbazioa garapen ekonomiko eta sozialarekin konbinatzen jarraitzearen alde agertu zen.
Koldobike Olabide Legazpiko alkateak, Zigor Urkiaga Eusko Jaurlaritzako Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioaren zuzendariak eta Asier Arrese, HAZIko lurralde arduradunak ere parte hartu zuten jardunaldian.
Imanol Lasa Gipuzko Buru Batzarreko Berrikuntza Politikoko arduraduna ere bileran izan zen, eta ponentzien kalitatea eta bertaratutakoen aldetik jasotako ekarpenak baloratu zituen.