Kontsumo gaiekin adi
2021ean 458 erreklamazio eta kontsulta bideratu ditu Urola Garaiko Kontsumo Bulegoak. Bidaien inguruko erreklamazioak izan dira ugarienak. Zerbitzua 1987tik dago martxan Urretxun
Bidaiak, telekomunikazioa, argi indarra eta gasa, on line erosketak, autoak konpontzeko tailerrak eta bankuak. Batez ere gai horien inguruan egin zuen lan Urola Garaiko Kotsumo Bulegoak iaz, Marisa Jorrin arduradunak azaldu duenez.
Urretxuko Iparragirre kalean dagoen zerbitzu horrek 458 kasuri erantzun zien 2021ean zehar. Horietatik 283, edo %61,79, erreklamazioak izan ziren. Gainerako 175ak, kontsultak.
Kontsumo bulegoa 08:30etik 14:00ak arte dago irekita astelehenetik ostiralera, baina hitzordua hartu behar da aurretik 943 72 42 79 zenbakira deituta edo kontsumo@urolagaraia.eus helbidera mezu bat bidalita.
Kontsumitzaile ororentzako da, doakoa, eta enpresa pribatuekin edo erakunde publikoekin arazoak izaten direnean lagungarri gerta daiteke, adibidez, gehiegi kobratu duten hori, edo gaizki emandako zerbitzu hori erreklamatzeko. Erreklamazioa bera ez dute egiten, baina nola egin edo nora jo azaltzen dute, eta bitartekaritza ere egiten dute.
1987tik Urretxun
Urretxuko bulegoak 1987an ireki zituen ateak Urola Garaiko Mankomunitatea osatzen duten udalerrietako biztanleei zerbitzua emateko. Hasieran Urretxuko udaletxean zuen egoitza, baina 1991etik gaurko lokalean dago.
Marisa Jorrinek hasiera-hasieratik egin du lan bertan, eta urte hauetan guztietan gizarteak bezalaxe, kontsumitzaileen premiak eta kexak aldatuz joan direla aipatu du. «Hasierako urteetan etxebizitzarekin lotutako erreklamazioak egiten genituen batez ere, alokairuekin zerikusia zutenak… Gremioekin ere lan asko egiten genuen», gogoratu du. Pandemia garaia ere nahiko gogorra izan zela dio, «bidaia asko egin gabe geratu ziren, eta dirua itzultzeko erreklamazio asko eta asko egin genituen».
Urteen poderioz kontsumo bulegoak indarra hartu duela, eta bertatik bideratutako erreklamazioek babes handia dutela nabarmendu du.
Bidaien inguruko kexak
Bidaien inguruko erreklamazioak izan ziren iazko ugarienak, egindako erreklamazio guztien %35,3. Telekomunikazioaren sektorea izan zen kontsumitzaileen kexen bigarren jomuga, eta erreklamazio gehienak gehiegizko fakturek edo eramangarritasunak eragin zituzten.
Gas eta elektrizitate konpainien aurkako erreklamazioak ere ugari izan ziren, batez ere mantenimendu gastuen ingurukoak, edo eskatu gabeko konpainia aldaketen ingurukoak.
Internetez egindako erosketak ere erreklamatu ziren, produktua ez jasotzeagatik edo gaizki jasotzeagatik batez ere. Auto tailerren inguruan, bestalde, konponketekin desadostasunak edo bermeen inguruko kexak izan ziren nagusi. Amaitzeko, bankuen atalean, iaz hipotekak eratzeko gastuak itzultzeko eskaera asko egin ziren.