Legazpiko Kattagorri elkarteak ehiza txapeldun berriak ditu
Larunbatean egin zuten bazkideen arteko txapelketa Arabako Arriola barrutian. Alex Izagirre, Ander Gutierrez eta Bene Fondon dira elkarteko txapeldun berriak. Apirilaren 30ean dute hurrengo txapelketa: Kattagorri Handy Sport Kopa.
Legazpiko Kattagorri ehiza eta arrantza elkarteak bazkideen ehiza txapelketa egin zuen joan den larunbatean, hilak 26, Arabako Arriola barrutian, eta txapeldun berriak izendatu ditu. Senior mailan, Alex Izagirrek irabazi zuen txapela, eta J.A. Laskurain eta Ekaitz Viana bigarrena eta hirugarrena geratu ziren hurrenez hurren. Junior mailan, berriz, Ander Gutierrezek irabazi zuen, eta beteranoetan, Bene Fondonek.
Ehiztariek beste txapelketa batean parte hartzeko aukera izango dute datorren apirilaren 30ean. Egun horretan Kattagorri Handy Sport Koparen hirugarren edizioa jokatuko dute, Arriolan hori ere. Ehiza xeheko modalitatean izango da, txakurrarekin, eta egokitutako ehiztariei zuzendua izango da. Informazio gehiago nahi duenak elkartearen sare sozialetako kontuetan aurki dezake. David Larrondo izan zen bigarren Koparen irabazlea.