'80 amandre' helduentzako ipuin kontaketa, gaur, 19:00etan
Dorleta Kortazar ipuin kontalariak egingo du saioa.
Gaur, 19:00etan Guraso Elkartean, ’80 amandre’ helduentzako ipuin kontaketa izango da, Dorleta Kortazarren (Eskoriatza, 1974) eskutik. Ipuin tradizionalak, egile berrienak zein berak sortutakoak kontatzen ditu Kortazarrek, helduentzat, haurrentzat eta nerabeentzat. Gaurkoa Idiazabalen helduei zuzendutakoa izango da. “80 amandre behar omen dira antzinako emakumeak egungoekin lotzeko, hori zioen behintzat Jorge Oteiza handiak; 80 amandre besterik ez, aitzin aroa orainaldiarekin lotzeko. 80 ziren; 20 izan zitezkeen; 4 dira.
Nik 4 amandre nahikoa izan ditut munduan nire txokoa aurkitzeko, 4 amandre besterik ez, ipuin bihurtu eta saio honetan elkartu ditudanak. Ametsak, desioak, lana eta tristurak mototsean kiribildu eta munduari irribarre egiten ikasi zuten emakumeen istorioak dira hauek. Esku zailduak, sabel puztuak, begirada galduak, eta batez ere irribarrea begietan duten amandreak, amamak, amonak, amatxiak, amumak…Finean, nire amandreak zure amandreak ere badirelako.”