Emakume bat eta 17 hileko umea hil dira Zaldibian, monoxidoa arnastuta
Familiako hirugarren kidea, aita, ondoezik baina bizirik eraman dute ospitalera. Santa Fe kaleko etxebizitza batean gertatu da ezbeharra. Galdara izan liteke isuriaren iturria.
Ezbeharraren atzaparrak kolpe gogorra eman zion, atzo, Zaldibiako familia gazte bati, eta, ondorioz, udalerriari. Karbono monoxidoa arnastuta, 25 urteko emakume bat eta haren 17 hilabeteko haurra hil ziren, asteazken goizaldean. Aita Zumarragarako Ospitalera eraman zuten, gasaren eraginengatik ondoezik, baina heriotza arriskutik kanpo.
Ezbeharra Santa Fe kaleko 58 zenbakian gertatu zen, goizeko sei eta erdien bueltan. Eskribau deritzon pisu-blokearen behe batean, baxuko hiru etxebizitza txikietako batean bizi ziren familiako hiru lagunak. Goizaldean, gizonezkoa ondoezik sentitu, eta berak jo zuen alarma larrialdietara, zazpiak aldera. Berehala joan ziren osasun zerbitzuak, baina ordurako hilda zeuden ama-semeak.
Zirrara eta samina herrian
Lehen ikerketen arabera, sukalde barruan kokatuta dagoen ur-berogailu galdara bat izan da gas isuriaren iturria. Oraindik ez dute argitu zergatik, baina etxe barruan pilatu zen karbono monoxido gas hilgarria; usainik eta kolorerik ez du. Atzeko erreka aldera ematen du etxebizitzak, garajeko sarreratik lehenbiziko solairuartekoa. Leihoak berehala zabaldu arren, ordurako kaltea egina zeukan gasak.
Duela 22 urte, 2000. urtean eraiki zuten Eskribau eraikina, izen bereko etxe zaharraren lekuan. Komunitateko gas hornidura sistema dauka, baina, lehen zantzuen arabera, galdararen errekuntza arazoengatik gertatu da ezbeharra, eta ez, hasieran zabaldu zen bezala, gas ihesagatik.
Gertatutako ezbeharra ezin sinistuta eta tragedia irentsi ezinik egon ziren atzo zaldibiarrak. Hedabide ugaritako kazetariak bertaratu ziren Santa Fe kalera. Bi hildakoen gorpuak eguerdian atera zituzten etxebizitzatik.
Bikote argentinar batek osatu zuen zorigaitza izan duen familia. Duela bost-bat urte jarri ziren bizi izaten Zaldibiako Eskribau etxean, Zumarragatik aldatuta —familiartekoak dituzte han—. Haur bakarra zeukaten, Zaldibian jaioa, bizitza atzo galdu zuen 17 hilabeteko mutikoa. Zaldibiako haur eskolara eramaten zuten.
Udalak plazako ikurrina masta erdira jaitsi zuen atzo eguerdian, eta hiru egunez hala edukiko du, elkartasun keinu gisa.













