Esku pilota jaialdia Ukrainaren alde
Bildutako dirua Europa de los Pueblos Insitutura bideratuko da. Erreserba egiteko 616437817 zenbakira deitu behar da.
Datorren asteazkenean, apirilaren 6an, Ukrainaren aldeko esku pilota jaialdi solidarioa egingo da Idiazabalen, Nergroupek eta Idiazabalgo Udalak antolatuta. 19:00etan hasiko da, Igarondo pilotalekuan. Eskuz binakako partidak ikusteko aukera izango dute herritarrek 5 euroren truke. Bildutako dirua Europa de los Pueblos Institutura bideratuko dute, Euskal Herriko ukrainar komunitateari zein Ukrainatik alde egiteko aukerarik izan ez dutenei laguntzeko. Partidak ikustera joan nahi dutenek erreserba egin behar dute aurrez, 616437817 telefono zenbakira deituta.
Iturriaga-Mujika bikoteak Ruiz de Infante-Ruiz de Larramendi bikotearen aurka jokatuko du, eta Bengoetxea VI-Garcia bikoteak Zubizarreta IV-Garmendia bikotearen kontra. Gaur aurkeztu dute jaialdia udaletxe aurrean. Bertan izan dira Beñat Garmendia pilotaria bera, Xabier Euzkitze kazetaria, Iñaki Alberdi alkatea eta Atzio Orexa Nergroupeko Gizarte Konpromisoko koordinatzailea. Gustura agertu da Garmendia ekimenarekin: “Guk pilotari bezala frontoian disfrutatu egiten dugu eta laguntzeko aukera badaukagu, gauza txiki hauekin aportatzea gustukoa da”. Dirua biltzeaz gain, Ukrainarako ahalik eta laguntza gehien lortzeko sentsibilizatzen jarraituko dute. “Horrelako egoeretan jende askoren bultzada behar izaten da eta pilotatik eragiteko aukera dugu”, adierazi du Euzkitzek.
Ucrania_SOS ekimenaren barruko jaialdia izango da Idiazabalgoa. 10 boluntario baino gehiago, tartean Nergroupeko zenbait langile, Ukrainan izan dira neguko arropa eta osasun materialarekin. Bidaiari esker, 26 ukrainar etorri ziren eta proiektu osoari esker egun 200 bat errefuxiatu daude Euskal Herriko hainbat etxetan. Iñaki Alberdi alkateak Idiazabalen ateak irekita daudela aipatu du: “Badakigu edozein gerratan kalteturik handienak bertako herritarrak izaten direla eta haien etxeetatik presaka alde egin behar izan duen jendearen bizimodua hobetzeko edozein ekimenetan parte hartzeko pronto gaude”.