Lazkao Txiki omenduko dute hiru egunez, plaka oroigarri bat jarrita
Igandean 29 urte izango dira Joxe Migel Iztueta Lazkao Txiki bertsolaria hil zela. Hura oroitzeko, ohiko egitaraua berreskuratuko dute Lazkaon. Gerriko elkarteak antolatuta, hiru egunetan zabaldu dituzte ekitaldiak.
Lehena, bihar, bertso afaria izango da, Lazkaomendiko Lartxai elkartean, 20:30ean. Ainhoa Agirreazaldegi eta Odei Barroso bertsolariek girotuko dute afal ondoren. Afaritarako izena astelehenerako eman behar zen, baina saioa entzutera joan nahi duenak, libre dauka.
Biharamunean, Lazkao Txiki jaio zen Abalin baserrira txangoa egingo dute, bai Lazkaotik, bai Zaldibiatik. Oroigarri-plaka bat jarri dute baserrian, eta hura desestaliko dute, larunbatean 12:00etan. «Abaliñe baserria, nere haurtzaro oso-osoan gorde niñuzun kabia» idazpurua du.
Lazkaokoak 11:00etan plazatik igoko dira, oinez, Lazkaomendira. Zaldibiakoak 10:30ean abiatuko dira, hango plazatik. Lartsari gainean, elkarte ondoan topo egingo dute bi aldeetako ibiltariek.
Emanaldia igandean
Plaka erakusteaz gain, zaldibiarrek hiru bertso kantatuko dituzte Abalinen, Daniel Belokik gitarrarekin lagunduta. Mokadutxoa jan, eta Lazkao Txikiren jaiotetxea barrutik ikusteko aukera izango da.
Igandean, Lazkao Txiki gogoan ekitaldia egingo dute, Lazkaoko Zelaian, 12:30ean; eguraldiak uzten ez badu, frontoian. Oin-Arin dantza taldeko, Lazkao Txiki Musika Eskolako eta Goierriko Bertso Eskolako gazteek girotuko dute ekitaldia.
Bestetik, Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketan hiru goierritar ariko dira aurten, bat-batean. Aratz Lasa ataundarrak bihar kantatuko du, Azpeitian; June Aiestaran beasaindarrak eta Sustrai Goenaga lazkaotarrak, apirilaren 8an, Lizartzan.