Lazkaoko EH Bilduk hitzaldi ziklo bat antolatu du, urtebetean hilabeteko gai bat garatzeko
'Lazkao garatuz' egitaraua apirilaren 6an hasiko da, Tasio Erkiziaren hitzaldiarekin. Basogintzari buruz ariko dira maiatzeko hitzaldian, eta kirolari buruz ekainekoan.
Lazkaoko EH Bildu alderdiak Lazkao garatuz izeneko hitzaldi sorta prestatu du, apiriletik datorren urteko martxora bitarte iraungo duela. Hilean hitzaldi bat antolatuko dute, bakoitzean arlo edo gai bat lantzeko: historia, elikadura, gazteen eta zaharren egoera, energia jasangarria, kirola… jorratuko dituzte, bakoitzerako gonbidatu bereziak ekarrita.
Herritar guztientzat antolatutako hitzaldiak direla nabarmendu dute EH Bilduko udal zinegotziek, atzo egindako aurkezpenean. “Nork bere zilborrari begiratu eta nork bere parrokiarentzat antolatu ohi ditugu eskuarki ekitaldiak, baina oraingo honetan interesa duen edonork ateak irekita ditu”, azaldu dute. Lazkaoren garapenerako interesgarriak izango direla aurreratu dute.
Lehenengo hitzaldia apirilaren 6an izango da, datorren asteazkenean. Tasio Erkizia HBko Mahai Nazionaleko kide izandakoa elikadura burujabetzari buruz mintzatuko da. Hilean behingo maiztasuna izango dute, hortik aurrera. Gaiak hainbat, hizlariak “are interesgarriagoak” izango direla iragarri dute. Lazkaon izango dira; Erkiziaren ondotik, Iñaki Perurena, Karmele Gisasola, Joxe Mari Apaolaza, Unai Fernandez de Betoño, Patxi Galarraga, Ainhoa Etxebarrieta, Errez Kooperatibakoak, Mikel Otero, Joseba Asiron eta gehiago etorriko dira.
Hiru hitzaldi zehaztu dituzte, oraingoz, gaiz eta dataz:
- Apirilak 6, asteazkena. Tasio Erkizia. ‘Jan eta jabe’ liburua idatzi du, elikadura burujabetzari buruz. Egungo egoeraren ziurgabea erakutsiko du, garraiolarien grebatik hasita, eta elikaduran burujabe izatearen garrantziaz ohartaraziko du.
- Maiatzak 11. Errez basogintza kooperatibako kide bat. Basoak kudeatzeko modu berritzaile bat proposatuko du. Ingurumen aldetik, Europako 2030erako CO2 isurien mailak gutxitzeko neurriak, lurrarekiko, landareekiko eta basoekiko atxikimendua, eta hori mantentzeko jarraibideak aurkeztuko ditu.
- Ekainak 15. Iñaki Perurena eta Karmele Gisasola kirolariak, Joxe Mari Apaolaza kirol kazetari lazkaotarrak gidatutako mahai inguruan. Osasuna, kirol azpiegituren beharra, kazetaritzaren papera, herri baten osaeran duen garrantzia jorratuko dituzte.