Legazpiko Udala Ukrainaren inbasioaren aurka agertu da
Ukrainaren inbasioa gaitzetsiz adierazpen instituzionala adostu dute udaleko bozeramaileek. Zortzi puntutan oinarritzen da dokumentua.
Legazpiko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak adierazpen instituzionala adostu zuen atzo, martxoak 30, Errusiar Federazioak Ukrainari egindako erasoa gaitzesteko helburuz.
Adierazpen instituzionalak honako zortzi puntuak biltzen ditu:
1.- Irmotasun osoz gaitzesten ditugu, Errusiako Federazioak Ukrainan egindako ekintza militarrak, nazioarteko zuzenbidearen urraketa larria dakartenak. Europako segurtasuna eta egonkortasuna ahultzen dituen justifikaziorik gabeko erasoa.
2.- Borrokak berehala eteteko eta armada errusiarra Ukrainatik erabat erretiratzeko eskatzen dugu. Ukrainaren subiranotasuna eta lurralde-osotasuna babestu eta errespetatzen dugu, eta Minsk-eko akordioetara itzultzeko deia egiten dugu.
3.- Gure elkartasuna eta maitasuna adierazi nahi diegu Ukrainari eta bere herriari. Bizitzen galera deitoratzen dugu eta gure atsekabe sakonena helarazten dugu biktimengatik eta herritarren alferrikako sufrimenduarengatik. Eta gure herrialdean bizi den komunitate ukrainarrera zabaltzen dugu sentimendu hori.
4.- Ukrainari eta Ukrainako herriari beharrezko laguntza finantzarioa eta humanitarioa eman diezaiola eskatzen diogu Europar Batasunari, nazioarteko komunitate osoarekin koordinatuta. Larrialdiko erantzun humanitarioan ahaleginak areagotzea eskatzen dugu. Eta Errusiari gogorarazten diogu nazioarteko zuzenbide humanitarioa errespetatu behar duela.
5.- Europar Batasunari ahalik eta lasterren antola dadila eskatzen diogu, ahalik eta baldintzarik onenetan eraso militar horrek eragiten dituen errefuxiatuak hartzeko.
6.- Errusiako Federazioari nazioarteko legeria errespeta dezala, armak utz ditzala eta bide diplomatikoetara itzul dadila eskatzen diogu.
7.- Europar Batasunari ahalegin handiagoa egin dezala eskatzen diogu, deseskalatzea eta bakeari eustea helburu izango dituzten kudeaketa diplomatikoak bultzatzeko.
8.- Autonomia Erkidegoekin eta tokiko erakundeekin koordinatuta, gure herrialdean errefuxiatu ukrainarrak hartzeko planean aurrera egiten jarraitzeko eskatzen dugu.