'Ordizian beti bizirik' kanpaina abiatu dute
Herriko merkatari txikiak eta ostalariak babesteko eta kontsumoa indartzeko asmoarekin abiatu dute. 500 euroko balioa duen balea zozkatuko dute
Herriko merkatari txikiak eta ostalariak babesteko eta kontsumoa indartzeko asmoarekin, Ordizian beti bizirik lema duen kanpaina abiatu du Ordizian Merkatari, Ostalari eta Zerbitzu enpresen Elkarteak, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Ekimena apirilaren 12ra arte egongo da martxan eta partaide diren establezimenduetan kontsumitzen duten bezeroek 500 euroko erosketa balea irabaz dezakete.
Batetik, Garaguneko lagunek egin dituzten betibizirik lore sortak erabiliko dituzte herriko establezimenduak apaintzeko. Lore sortak, apirilaren 12an, bezeroen artean oparituko dira.
Bestetik, 500euroko erosketa balea zozkatuko da, kanpainak iraun bitartean, Elkarteko establezimenduetan kontsumitzen duten bezeroen artean. Horretarako, 5.000 kartila banatuko dira eta kartila bakoitzak kanpainan parte hartzen duten zortzi establezimendu desberdinetako zigiluak eraman beharko ditu. Kanpainara batzen diren saltokietan lortu ahal dira kartilak.
Behin hori betetakoan, kartila Ordizian elkartearen bulegoan dagoen postontzian sartu beharko da, zozketa eguna baino lehen. Zozketa apirilaren 13an egingo da. Saria, kanpainan parte hartzen duten establezimenduetan gastatu beharko da, erosketa edota kontsumizio moduan, ezarritako epean.