Aztiri Bat bertso saioa bihar izango da jokoan, Latxartegin
Osinalde sarirako bigarren kanporaketa da. Bittor Altube, Aner Peritz, Ekhiñe Zapiain, Irati Alcantarilla, Unai Izagirre eta Urko Arregi ariko dira lehian.
Osinalde bertso txapelketa aurreko astean jarri zen abian, Ordiziako Argi Berri sariarekin. Bigarren kanporaketa, Aztiri Bat saria, bihar jokatuko da Legazpin, Latxartegi aretoan, 17:00etan hasita. Sarrera doan izango da eta txartelak
leihatilan banatuko dituzte egunean bertan.
Sei bertsolari gazte arituko dira lehian Legazpiko kanporaketa honetan: Abadiñoko Bittor Altube, Zarauzko Aner Peritz, Berako Ekhiñe Zapiain, Urruñako Irati Alcantarilla, Azkoitiko Unai Izagirre eta Oñatiko Urko Arregi. Arregik iazko Aztiri Bat sarian ere parte hartu zuen, eta finalerako sailkatuetako bat izan zen. Finalean, gainera, bertso onenaren saria irabazi zuen
Apirilaren 23an Gabiriako elizan jokatuko den finalerako bi bertsolari sailkatuko dira biharko saiotik. Ordiziako Argi Berrin Ane Zuazubiskarrek eta Oihana Aranak lortu zuten txartela. Finalean ariko den seikoa Zaldibian apirilaren 9an jokatuko den Osinberde Sarian osatuko da.