Burdina eta onomastika hizpide larunbatean Legazpin egingo duten jardunaldi akademikoan
Burdinola eta Onomastika elkarteek antolatu dute, eta bost adituk parte hartuko dute. Publiko guztiari zuzenduta dago. Kultur Etxean egingo dute, 09:30etik 13:30era.
Burdinola eta Onomastika elkarteek udalaren laguntzarekin antolatuta, Onomastika eta burdina izenburuko jardunaldi akademikoa egingo dute larunbatean, hilak 9, 09:30etik 13:30era, Legazpiko Kultur Etxean. Bost adituk parte hartuko dute.
Onomastika Elkartea tokian tokiko elkarteekin aritzen da elkarlanean bere jardunean, Ander Ros kideak azaldu duenez, eta horien artean dago Burdinola. Elkartearen azken urteko batzarrean Legazpiko taldearen aldetik hitzaldi bat egiteko eskaria jaso zuten, baina azkenean, «hitzaldia izan beharrean, bi urtean behin egiten dugun jardunaldi akademikoa Legazpira eramatea eta burdinaren ingurukoa izatea» erabaki zuten.
«Legazpi eta burdina oso lotuta daude, eta burdinaren inguruko toponimia dezente dago, olazarra, zepadia, zepamendia… Ia pentsatu gabe atera zen jardunaldia burdinaren ingurukoa izatea», gogoratu du Rosek.
Herritar guztiei zuzenduta
Izen handiko partaideak izango ditu jardunaldiak. Hasteko, Jose Antonio Azpiazu historiagile eta idazleak «historian kokatzeko» egingo du hitzaldia, eta gero «filologoak etorriko gara». Burdinarekin lotutako toponimiaz arituko dira batez ere, eta nabarmentzekoa da Jose Luis Ugarte legazpiarrak herriko hitz ugariren berri emango duela. Nafarroako eta Bizkaiko hitzek ere izango dute lekua jardunaldian.
Burdinarena eta onomastikarena oso gai zehatza da, baina jardunaldi akademiko hau ez dago adituei bakarrik mugatuta, alderantziz, herritar guztiak daude parte hartzera gonbidatuta. «Mundu honetan ari garenok filologoak eta historiagileak gara batez ere, eta gure ekosistema jardunaldiak, hitzaldiak eta argitalpenak badira ere, publiko egin nahi dugu gure lana. Ahalik eta zabalkunde handiena eman nahi diogu». Onomastika gaietan jakinmina duten guztiak gonbidatuta daude saiora.
Izen propioen ikerketa
Ander Rosek azaldu duenez, «onomastika izen propioen ikerketa da: leku izenak, pertsona izenak, animali izenak… letra larriz idazten ditugun izen guztiak». Larunbateko jardunaldian, burdinarekin zerikusia dutenak aipatuko dituzte, eta Jose Luis Ugarteren bitartez, baita Legazpiko asko ere, «sorpresa batzuk tartean».
Jardunaldiko hitzaldiak
– Jose Antonio Azpiazu: Euskal burdingintza historikoa Europako kontestuan.
– Ander Ros: Hitzen historiaz: burdina eta beste.
– Jose Luis Ugarte: Leku-izenak mendiko burdinolen inguruetan.
– Malen Lizarraga: Nafarroako burdingintza eta toki-izenak.
– Carlos Glaria: Burdinaren itzala Bizkaiko mendebalaren hizkuntza paisaian.