Legazpiko prozesioa, herriko erlijio ondarea ezagutzeko aukera ona
Igande arratsaldean egingo dute, Nafarroa kalean eta Kale Nagusian. Zazpi pauso aterako dituzte, guztiak Legazpikoak bertakoak. Balio handiko figurak dira, bat XVIII. mendekoa
Legazpiko Aste Santuko prozesioa igandean egingo dute, 19:00etan. Eguraldiak laguntzen badu, Nafarroa kalean behera joango dira, eta Kale Nagusitik gora parrokiara itzuliko da. Eguraldi txarrarekin, elizako arkupeetan egingo dute.
Ia 40 urteren ondoren, parrokiak 2018an berreskuratu zuen prozesioa egiteko ohitura, orduko parrokoa zen Iñigo Mitxelenaren ekimenez eta eliza inguruan osatutako taldearen lanari esker. Guztien artean, parrokiako sotoan gordetako irudiak berreskuratu eta jendaurrera atera zituzten. Iganderako, zazpi irudi prestatu dituzte, guztiak balio handikoak. Aro berri honetan, prozesioa egingo duten hirugarren aldia da.
Legazpiko erlijio ondarea ezagutzeko aukera paregabea izango da igandekoa. Horretarako lagungarri izango dira prozesioaren ibilbidean zehar banatuko dituzten informazio orriak.
Balio handiko ondarea
Balio handiena duen figura San Migelgo Kristo Gurutziltzatua da, XVIII. mendekoa eta prolikromatutako egurrezkoa. Doloretako Amabirjina ere egurrezkoa da, XIX. mendekoa, baita Hilobi Santua ere. Berriagoak dira Magdalena Andre Maria, Pietatea eta Jesusen Zigorraldia; Gironako Olot herriko El Arte Cristiano enpresak egindakoak dira guztiak, eskaiolazkoak, eta 1940 inguruan erositakoak.
Aurtengo prozesioan Nazareteko Jesus ere aterako dute. Elgetako Lorenzo Askasibarrek egindako lehenetako eskultura lana da, 1954koa, eta intxaur egurrezkoa. Parrokirako egin zuen, Katariñe eta Eugeni Segura Makibar ahizpek enkargatuta.
Atera gabe geratuko dira beste hiru figura: Veronika, Ortuko otoitza eta Jesusek bere Amarekin egin du topo.
Prozesioan 80-bat partaide
Legazpiko prozesioaren atzean Egiazko Gurutzearen Kofradia (Cofradia de la Vera Cruz) kultur elkartea dago, 70-bat lagunek osatutakoa. Iganderako ia dena dute prest. Pauso bakoitzarekin joango den jendea izendatuta dute dagoeneko, eta figurak ere lorekin apainduta daude.
Prozesioan 80-bat lagunek parte hartuko dute, haur, gazte eta heldu. Herrikoak dira gehienak, eta kanpotik ere etorriko da jendea, laguntzera. Aurten ez da musika bandarik izango, baina megafonia egongo da jarrita bide osoan. Zaldiak ere aterako dira.













