Merkatari elkarteek TBai sistema ezartzeko denbora eskatu dute
Dendartean merkatarien elkarteak Gipuzkoako Foru Aldundiari Ticket Bai fakturazio sistema ezartzeko epe muga atzeratzeko eskatu dio. Premia ez dagoela justifikatuta diote, eta egungo unea “guztiz desegokia” dela: krisia, inflazioa, kostuen igoera, pandemia… zerrendatu dituzte; saltoki handien ugaritzea eta zergak atzerrian ordaintzen dituzten Interneteko saltzaile handien aldeko legediak ere aipatu dituzte.
Merkatariek eta ostalariek Ticket Bai fakturazio sistema azarorako martxan izan beharko dute. Kutxa-erregistratzailean instalatu beharko duten aplikazio baten bidez, ogasunari salerosketa guztien berri zuzenean emango diote. Hala, iruzur egitea zailagoa izango dela defendatzen dute agintariek.
Saltzaileek «uste osoa» dute «denda txikietan ez dagoela iruzur fiskalik». Horregatik, onura txikia izango dela baina kaltea handia defendatu dute. “Ez dago aukera errealik Ticket Bai ezartzeko kalte handia egin gabe”, esan dute. Interneterako sarbidea duen kutxa erregistratzailea beharko dute aurrerantzean, eta softwarearen lizentzia ere ordaindu beharko dute. Egokitzapenak egiteko diru laguntzak txikiegiak direla ere kexatu dira.
Dendarteaneko kide dira Beasaingo, Lazkaoko, Legazpiko, Ordiziako eta Urretxuko eta Zumarragako merkatari elkarteak.