Legazpiarren erantzun paregabea Ukrainaren aldeko elkartasun egunean
Hotz Legazpik antolatuta, material bilketa egin zuten larunbat goizean Laubiden eta Azokan. Ilintik ere egin du bere ekarpena, zozkatzeko otar bat eskainiz.
Hotz Legazpi elkarteak larunbaterako antolatu zuen Ukrainaren aldeko elkartasun eguna arrakastatsua gertatu zen. Ukrainako errefuxiatuei bidaltzeko material bilketa egin zuten elkarteko boluntarioek goizean zehar, Laubiden eta Azokan jarritako postuetan. Legazpiarren erantzuna bikaina izan zen, eta dozenaka kaxa bete zituzten materialez. Gaur goizean oraindik sailkapena eta zenbaketa osatu gabe zuten, baina emaitza “bikaina” izango dela aurreratu dute.
Mantak eta lo egiteko zakuak, emakume eta umeentzako barruko arropa, haur txikientzako elikagaiak, heldu eta haurrentzako pixoihalak, konpresak eta tanpoiak, garbitasunerako eta botikinerako gaiak, janaria eta autoetako umeentzako altzagarriak eskatu zituzten Hotz Legazpikoek. Bildutako materiala Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkartearen, Ukraina Euskadi kultur elkartearen eta Chernobilen lagunak elkartearen bidez bideratuko dute.
Ilinti merkatari elkarteak ere bere ekarpena egin zion material bilketa honi, eta hainbat dendarik emandako produktuez saski bat osatu eta zozkatuko du. Errifak salgai egongo dira hilaren 22ra arte Ilintiren komertzioetan, eta zozketa hurrengo eguneko 12:00etan egingo dute.