Bi sute izan dira bart Legazpin
San Ignazio auzoko baratzetako txaboletan izan da bat, eta bestea San Martin auzoko pentsioko eraikinean. Kalte materialak izan dira bakarrik.
Kalte materialak soilik eragin dituzten bi sute izan dira bart Legazpin, biak ordu bertsuan eta bata bestearengandik nahiko gertu. Lehen sutea San Ignazio auzoko baratzetan dauden txaboletan izan da, eta bigarrena, San Martin auzoko pentsio zaharraren eraikinean.
Udaltzainburuak azaldu duenez, 04:00ak aldera jaso dute abisua larrialdi zerbitzuek, eta suhiltzaileak eta ertzainak bertaratu dira San Ignazio eta San Martin auzoetan.
Pentsio zaharreko sutea izan da larriena. Dirudienez, behe solairuko lokaletan sortu da, eta sua bigarren solairuraino heldu da. Eraikina hutsik dago, eta kalte materialak bakarrik izan dira.
Goizean berriz piztu da sua San Ignazioko txaboletan, eta udaltzainak bertaratu dira orduan, suhiltzaileekin batera. Hor ere kalte materiala izan dira bakarrik.
Udaltzainburuaren arabera, ez dago argi zerk eragin dituen suteak.