Legazpiko Gaztetxeak Matadero eraikinaren 25 urteak ospatu ditu
Gazte Asanbladak antolatuta, egun osoko festa izan zuten larunbatean legazpiar gazteek.
Legazpiko gaurko Gaztetxeak 25 urte bete ditu apirilean, eta joan den larunbatean festa giroan ospatu zuten urteurrena herriko gazteek, otsailean hasitako egitarauari amaiera emanez. Gaztetxearen sorrera aurrekoa bada ere, gaurko egoitzan, lehengo hiltegi zaharrean, 25 urte daramatza. Eraikinaren lehengo funtzioari aipamena egiten zion, hain zuen, urteurrenerako antolatutako egitarau sortaren izenak: Mataderoaren 25. urteurrena.
Larunbateko festa eguerdian hasi eta hurrengo eguneko goizaldean amaitu zen. Txupinazoa bota zuten hasteko, eta belaunaldien arteko argazkia atera zuten ondoren. Gero, kalejiran atera ziren herriko tabernetan zehar trikipoteoa egiteko. Gaztetxera itzulita, bazkaria egin zuten, eta arratsaldean beste kalejira bat egin zuten, Patxaranga 13 Elektrotxarangarekin. Amaitzeko, gauean kontzertua egin zuten Rudeska eta Arraio taldeek.