Partzoneriari buruz egin den ikerketa lanik handiena argitaratu du Burdinolak
Arkeolan Fundazioaren babesarekin kaleratutako liburua asteartean aurkeztu zuten Legazpiko Kultur Etxean. Salgai dago 30 euroan Apatxo eta Hizkuntza liburu dendetan, Otsaurteko Bentan, Segurako Turismo Bulegoan eta Goierriko Hitzaren Beasaingo bulegoan.
Historia, arkeologia eta toponimia gaietan adituak diren Angel Martinezek, Mertxe Urteagak, Jose Rodriguezek, Joseba Alonsok, Aitor Azpiazuk eta Jose Luis Ugartek Gipuzkoako eta Arabako Partzoneriari buruz orain arte egin den lanik osatuena ondu eta liburuan bildu dute. Urbia eta Altzaniako mortuak. Arkeologia, historia, mugarriak eta toponimia da liburuaren izenburua, eta Burdinola elkarteak argitaratu du, Arkeolan Fundazioaren babesean. Asteartean aurkeztu zuten Kultur Etxean.
Partzoneriari buruzko liburuan gai ugari jorratzen dituzte: historia, ondare arkeologikoa eta kulturala, toponimia, ahozko iturriak, dokumentazioa, mugarriak… Erakundearen balio historikoa nabarmendu dute bertan. Liburua 500 orrialdetik gorako argitalpena da, argazkiz eta hainbat mapaz osatutakoa. Salgai dago 30 euroren truke, Legazpiko Apatxo eta Hizkuntza liburu dendetan, Otsaurteko Bentan, Segurako Turismo Bulegoan, Goierriko Hitzaren Beasaingo bulegoan, eta burdinolaelkartea@gmail.com helbidean ere eskatu daiteke.