Santikutzak itzuli dira
Herriko ganaduzaleek botako dute txupinazoa, bihar 19:00etan. Jaien lehen txanpa maiatzaren 3ra arte da. Maiatzaren 8an, Mirandaola Eguna
Jai egitaraua etxeetara iritsi da, plazako kioskoa eta txosna jarrita daude, azken barrakak instalatzen ari dira… Dena prest dago Legazpin bi urteko etenaldiaren ondoren ohiko Santikutzak ospatzeko. Bihar hasita, bi txandatan banatu dira festak: apirilaren 29tik maiatzaren 3ra arte izango da ekitaldi bloke garrantzitsuena, eta hurrengo asteburuko larunbatean eta igandean izango da festarako aukerarik ere. Maiatzaren 8ko Mirandaola Egunarekin amaituko dira Santikutzak.
Egun horietan guztietan denetariko ekitaldiak izango dira, musika, kirola eta tradizioa uztartzen dituztenak. Udalak herriko talde eta elkarteekin batera osatutako egitaraua festetaz gozatzeko pentsatuta dago, eta horretarako gonbita luzatzen du alkateak etxeetara bidalitako liburuxkan, «neurriz eta zuhurtziaz, eta lanean ari den jendea errespetatuz» eta «inolako indarkeriarik gabe» jokatzeko eskaerarekin batera.
Protagonista ugari
Aurtengo Santikutz jaietako egitarauan talde izen ugari daude azpimarratzeko. Hasteko, pregoia irakurtzeaz arduratuko den ganaduzaleen taldearena. Bihar izango dute horretarako aukera eta gauean, herrian egiten den musika izango da protagonista, batez ere 21 urteak ospatu nahi dituen Elbereth taldearena. John Dealer & The Coconuts dituzte ondoan kartelean.
Larunbatean joko duen Skaiketan taldearen kontzertua ere aipatu behar da, taldearen agur bira hasiko duena izango baita.
Musika gehiago jartzeaz arduratuko dira herriko Matraka elektrotxaranga, Goiz Deia txistulariak, Doinuako bi bandak eta Legazpi Musika Banda. Azken horrek, bi danborradetan parte hartuko du. Maiatzaren 2koan, gauekoan, hamahiru konpainia aterako dira: zazpi danborrekin, eta sei upelekin.
Amaitzeko, Olaria saridunak. Bi izango dira aurten: Alaitasuna errondaila eta jaiotza taldea.
Txosnagunean, ia etenik gabeko musika eskaintza
Eliza atzealdean jarri ohi izan da azken urteetan Santikutzetako txosnagunea, eta han izango da aurten ere, Legazpiko Gazteak elkarteak kudeatuta. Gazteak barraz arduratuko dira, eta prestatu duten egitarau zabalaren martxa onaz ere bai.
Bihar, 18:00etan Gaztetxean botatako txupinazoarekin hasiko dira txosnaguneko festak. Bike Sound Sistem izango dute hasteko, 20:00etan Tony Rocket eta 23:00etan Añube eta Mugi Panderoa taldeak.
Larunbat arratsaldean, Matraka elektrotxaranga ibiliko da pilota partidak amaitu eta gero, eta 23:00etan kontzertua izango da: Lehen Lerroa, Kaos Etiliko eta Stepi Selektah.
Igandean egun osoko festa izango da: 14:00etan kantu bazkaria, 15:30ean Eneko Gutierrezen magia saioa, 17:00etan herri kirolak, 19:00etan Pantxoa Carrere, eta 23:00etan, Anker.
Amaitzeko, asteleheneko 18:00etan Pablo Liquido izango da, eta danborrada eta gero, Dj Mito eta Dj Mixele La Voa. Asteartean ere irekita egongo da.
Santikutzetako egitaraua
APIRILAK 29, OSTIRALA
· 19:00. Txupinazoa eta pregoia.
· 19:30. LEK Erraldoi eta Buruhandien konpartsaren kalejira, Elutxa Txarangarekin.
· 22:30. John Dealer & The Coconuts eta Elbereth. Plazan.APIRILAK 30, LARUNBATA
· 10:00. Haurren Pilota Txapelketako finalak Urbeltzen.
· 12:00. Kontukantari familientzat, Latxartegi parkean. Kontzertua Elizondon: Doinua Banda Txiki, Doinua Gazte Banda eta Legazpi Musika Banda.
· 13:00. Alaitasuna errondaila.
· 14:00. Kuadrillen bazkaria.
· 17:00. Binanako pilota txapelketaren finalak Urbeltzen.
· 17:30. Txorotxaranga kalean.
· 19:30. Matraka elektrotxaranga.
· 22:30. Skaiketan, plazan.MAIATZAK 1, IGANDEA
· 09:30-13:00. Santikutz Klasikoa. Helmuga Plaza Nagusian.
· 10:00-11:00. Probintzi eta Herri Mailako Bola Txapelketa.
· 11:00. Bakarkako Xake Txapelketa, «suitzar» erara, Azokan.
· 11:00. Doinua Dultzainero taldearen kalejira, erraldoiekin.
· 17:30-18:45: Haur eta gazte danborrada Laubidetik plazara.
· 19:30. Benta Zaharreko Mutiko Alaiekin kantu-jira.
· 22:30. ABBA Tributoa plazan.MAIATZAK 2, ASTELEHENA
· 09:00-13:30. Herriko ganadu feria Kale Nagusian, arkume errea eta artisau azoka.
· 11:00. Haur-gazteen Bola Txapelketa.
· 12:00. Zezenak, poniak, plazan.
· 14:30. Haur eta familien herri bazkaria, plazan. Ekain Txou.
· 17:00. Erraldoi eta buruhandiak.
· 19:00. Artistas del Gremio fanfarrea, plazan.
· 23:00-00:00. Herri danborrada, Laubidetik plazara. Ondoren, su artifizalak.
· 00:45.Los Cazahuates Mariatxia.MAIATZAK 3, ASTEARTEA
· 09:00. Goiz Deia txistulariak.
· 09:30. Ezpelur gaitero taldea.
· 10:30. Mirandaolako Gurutze Santuaren prozesioa. Meza.
· 12:00. Ezpatadantza Sustraiak dantza taldearekin eta Goiz Deia eta Ezpelurruekin. Olaria sariak.
· 14:00. Larrain dantza, kalean.
· 17:00. Sptunik goitibeherak, San Inazioko aldapan.
· 17:30. Pilota profesionala.
· 19:00. Zaldi erakustaldia.
· 20:00. Demode Quartet, plazan.