Elbereth, 21 urteko bidea duen metal talde mitikoa
Metal doinuekin hasiko dira Santikutzak. Elbereth taldeak kontzertua egingo du gaur plazan, iaz ospatzekoa zen 20. urteurrena herriko musikazale guztiekin konpartituz. Bosgarren diskoa prestatzen ari dira.
Ilusioz beteta, baina ardura puntu batekin. Hala helduko diote Elbereth taldekoek gaur gaueko kontzertuari. Taldearen 21 urteko ibilbidea ospatzeko emanaldia izango da, eta John Dealer & The Coconuts herrikideen ondoren joko dute plazan 22:30etik aurrera.
Aritz Legorburuk (baxua), Ruben Sanchez Rufo-k (gitarra), Iker Mansok (gitarra eta ahotsa), Xabier Etxeberriak (bateria) eta Julen Albizuk (gitarra) betiko Elbereth aterako dute taula gainera. Metal musika gogorra gustuko dutenekin, eta legazpiar guztiekin konpartitu nahi dute 21. urteurrenaren ospakizuna.
Lau disko 21 urteetan
Hogei gehi bat dira, beraz, Elbereth taldeak dituen urteak. Beste talde batzuetatik zetozen musikariak elkartuz osatu zuten 2002an, egoitza Gaztetxeko beheko solairuko lokaletan jarrita. Han egiten zituzten entseguak hasierako taldekideek: gaur egun oraindik taldean dauden Iker, Rufo eta Legor, eta Xabier Urkia gitarra jotzailea eta Eneko Maiz bateria. Etxebe sartu zen Enekoren partez, eta gaur Albizuk betetzen duen tokia Iker Otegik eta Xabier Castañok ere bete dute. Subeltzan dute orain lokala.
Urte horietan makina bat kontzertu egin dituzte eta leku bat lortu dute euskal metalaren munduan. Lau disko ere argitaratu dituzte. Aurretik osatutako lan batekin Pikurock maketa lehiaketa irabazi zuten 2006an, eta Nafarroako Irurtzunen jokatu zen finalera autobuskada bat jarraitzaile eraman zuten Legazpitik. 2007an kaleratu zuten Gaueko ilargia lana, 2009an Arimak pizturik dirau, 2012an Itzalitako izarren lurraldea, eta 2017an Karma. Bosgarren diskoa bidean dago.
Ardura handiko kontzertua
Gaurko kontzertua urteurrena «ospatzeko eta lagunekin elkartzeko izango da». Legazpin «beti urduri» jotzen dute, publikoa «berezia» eta anitzagoa delako. Hori dela eta, «ardura handiko» hitzordua da gaurkoa.
Irudiak proiektatuko dituzte, diskoen errepasoa egin eta taldearen bilakaera erakustearekin batera. Herriko musikazaleak eta jarraitzaile ugari elkartuko dira plazan, familiakoak, lagunak eta laguntzaileak ere bai. Taldeak duen «onena» emanez eta bost kideek duten konplizitateak lagunduta, guztiekin ospatuko dute 21. urteurrena.