Hasi dira festak Legazpin
Herriko ganaduzaleek bota duten txupinazoak eman die hasiera aurtengo Santikutzei. Larunbatean, kuadrillen bazkaria eta pilota txapelketaren finalak izango dira, besteak beste.
Festa giroa nagusitu da Legazpin arratsaldean udaletxeko balkoitik herriko ganaduzaleek bota duten txupinazoarekin. Santikutzak hasi dira, erraldoien eta buruhandien eta Elutxa txarangaren musikaren laguntzarekin. Aurretik Kolokoiaren igoera irudikatuz hasi dituzte festak Gaztetxean, eta txosnagunean Andoni Oilokiegi arduratu da musika emanaldien egitaraua irekitzeaz. Plazan, berriz, John Dealer &The Coconuts eta Elbereth taldeak entzuteko aukera izan da.
Santikutzen lehen txanpa maiatzaren 3ra arte luzatuko da, eta ekitaldiz betetako egitaraua izango du. Hurrengo asteburuan izango dute jarraipena festek.
Larunbata kuadrillen bazkariaren eguna da, eta herriko pilota txapelketaren finalak ere jokatuko dira, haurrenak goizean eta helduena arratsaldean. Gauean Skaiketan taldearen kontzertua izango da plazan, eta Txosnagunean, besteak beste, Kaos Etilikok joko du.