Ezpata-dantza eta Olaria, tradizioen eguna gaur Legazpiko Santikutzetan
Jaietako egun handia da maiatzaren 3a Legazpin, Santikutz Eguna. Ezpata-dantza eta Olaria sarien emate ekitaldiak egin dira eguerdian plazan.
Maiatzaren 3a Legazpiko Santikutz jaietako egun handia da, eta egun honetan tradizioak agintzen du plaza inguruan. Ohi bezala, ezpata-dantza ekitaldia eta Olaria sarien ematea egin dira eguerdian, eguraldia lagun izan dela.
Sustraiak dantza taldea, Goiz Deia txistulari bandako kideak eta Iruñeko Ezpelur gaitero hirukotea izan dira dantza ikuskizunaren gidari, baita ekitaldiari amaiera emateko larrain dantza egin duten herritarrak ere.
Bestelako protagonistak ere izan ditu Santikutz egun honek, bi urteko atzerapenarekin azkenik jaso dutelako Olaria saria Alaitasuna Errondailak eta ikastolako jaiotza egiten duen taldeak. Julian Armendarizek jaso du Olaria taldeko musikariak ordezkatuz, eta Jose Mari Madinak eta Silvia Romaratezabalak jaiotzako taldearen partez. Errondailakoek Xalbadorren heriotzean abestia eskaini die legazpiar guztiei saria jaso ondoren.