Ikastetxeen arteko «desorekaren aurrean neurriak» eskatu dituzte
Sare publikoko gurasoen elkarteek itunpeko Jakintza ikastolako ikasgela kopurua mugatzeko eskatu dute. Egoera hau «arazo larrien» sortzaile dela diote
Ordiziako eskola publikoko hezkuntza-komunitateak berriz ere eskatu dio Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari neurriak har ditzala «duela urte batzuetatik hona herrian dauden tokiko eta atzerriko ikasleen matrikulazioan dagoen desoreka zuzentzeko», eta horretarako, Jakintza itunpeko ikastolako gela-kopurua mugatzeko.
Urdaneta eta Oianguren ikastetxe publikoetako gurasoek gogorarazi dute egoera hau lau urte baino gehiagoz luzatu dela, eta hainbat aldiz bildu direla Jokin Bildarratzek zuzentzen duen saileko arduradunekin, azkenekoz otsailean. «Baina denbora honetan hartu diren neurriek desoreka hori areagotu besterik ez dute egin», azpimarratu dute.
«Ordiziak % 19ko migrazio tasa du. Derrigorrezko hezkuntzako etapetan seme-alabak dituzten familien herenak atzerritar jatorrikoak dira. Eta hamarretik bederatzi eskola publikoan matrikulatuta daude. Tokiko gazteen erdiak baino gutxiago sare publikora doaz», azaldu dute. «Desoreka are larriagoa da Haur Hezkuntzan».
Uste dute, egoera zuzentzeko ezinbestekoa dela sare publikoa lehenestea ikasleak matrikulazioetan banatzeko orduan, eta Jakintzan planifikatutako gelen eta lerroen kopurua mugatzea.
Horregatik, ez datoz bat Hezkuntza sailak proposatutako neurriekin, hau da, ikasturtea hasi ondoren matrikulatzen diren ikasleak itunpeko ikastetxera bideratzearekin. «Eragin txikia izateaz gain, ikasle kopuru mugatua delako, neurri diskriminatzailea ere bada, fokua atzerriko jatorriko familietan eta egoera sozioekonomiko zailean daudenetan jartzen duelako».
Sare publikoko komunitateak salatu du gai horrek arazo larriak eragiten dituela Ordiziako bizikidetzan, aniztasunaren kudeaketan, gizarteratzean eta euskalduntzean. Eta gogorarazi dio Hezkuntzari Arartekoak 2019an eskatu ziola neurri zuzentzaileak har zitzala, ikasleen banaketa orekatuagoa izan zedin, eta bere azken txostenean «jarduerarik eza» adierazi diola. «Egungo araudiarekin, neurriak har litezke behin eta berriz marraztutako egoera hori gainditzeko», ondorioztatu du.