Mirandaola egunak emango die amaiera Santikutz jaiei igandean
Kapela dantza eta marrazki lehiaketa izango dira bihar. Igandean prozesioa, meza, ezpata-dantza eta erromeria egingo dituzte Mirandaolan. Burdinola martxan ikusteko aukera ere izango da.

Santikutzak amaierara iristen ari dira. Lehen txanpa jendetsu eta arrakastatsuaren ondoren, festa giroko ekitaldiez gozatzeko bi egun geratzen dira oraindik Legazpin.
Mirandaola eguna amaitzeko erraldoiek egingo duten kalejirak itxiko ditu aurtengo jaiak, igandean.
Marrazki lehiaketa
Arkatza elkarteak ere parte hartuko du festetan, biharko marrazki lehiaketa antolatuta, 19. edizioa. Herriko Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzenduta, 10:00etan hasiko da Kultur Etxean. Partaideek hiru ordu izango dituzte lanak egiteko.
Hilaren 10ean, asteartean, sari banaketa ekitaldia egingo dute, 19:00etan, Kultur Etxean, eta hurrengo egunetik maiatzaren 20ra, ikusgai egongo dira lanak erakusketa aretoan.
Kapela dantza
Dantzak ere izango du tokia asteburuan, eta bihar, Kapela Dantza egingo da 12:00etan, plazan hasita eta Sustraiak taldeak antolatuta. Maiatzaren 3an ezpata-dantzaren ekitaldian egindako soka-dantzaren bertsio herrikoia da, eta dantzariek soinean daramaten lastozko kapela du bereizgarritzat.
Plazako saioa amaituta, dantzariek eta azken asteetan dantza hori ikasten jardun duten herritarrek erdiguneko kaleetan eta tabernetan jarraituko dute, festa giroan.
Mirandaola eguna
Ohiko osagaiak izango ditu festetako azken egunak. Igandeko Mirandaola eguna, bi elizen artean Gurutze Deunaren erlikia eramateko egingo den prozesioarekin hasiko da 10:15ean, eta behin Mirandaolan, meza eta ezpata-dantza izango dira, eta burdinola martxan jarriko da. Ondoren, festagunea parkera pasako da. Han, Telleriarteko Talogileen taloak izango dira, eta ohiko jaialdia egingo dute Domingo Agirre eskolako eta ikastolako haurrek eta herriko bertsolari, musikari eta dantzari gazteek. Bazkaria izango da gero karpan, eta Elustondo trikitilariek alaitutako dute ondorengo erromeria.
Mirandaolatik herrirako itzulera Urolatarrak txarangak eta erraldoien konpartsak lagunduta egingo da. Kalejira egingo da gero herriko erdigunean, eta horrekin emango dituzte amaitutzat Santikutzak.