Miguel Angel Alvarezen margoak ikusgai Juan Kruz ile apaindegian
Ekainaren amaierara arte irekita egongo den erakusketan, artistaren margo kubista batzuk ikus daitezke, tartean biluzi batzuk.
“Aparteko artista baten erakusketa daukagu ikusgai Legazpiko Juan Kruz ile apaindegian ekainaren amaierara arte”. Gorka Salmeron argazkilari eta irakaslearen hitzak dira, eta ile apaindegian ikusgai jarri dituzten azken lanei buruz ari da, Miguel Angel Alvarez margolariaren lanei buruz hain zuzen.
Ile-apaindegiko Juan Kruz Fernandezekin batera erakusketa antolatzeaz arduratu da Gorka Salmeron, eta hala deskribatzen du artista: “XX. mendeko margolari eta marrazkilari gipuzkoar onenetarikoa izan zen Alvarez”. Salmeronen iritziz, “Oteiza eta Chillidaren ospe handiak behar bada itzal egin zien beste artista gipuzkoar garrantzitsu batzuei…”, eta horien artean legoke Alvarez.
Biluzien irudiak eta kubismoa
Miguel Angel Alvarez Tolosan jaio zen 1927 urtean, eta Donostian hil zen 2011n. Genero ezberdinak landu zituen, baina erakusketari laguntzen dion liburuxkan haren alaba Galak dioenez, “gehien gustatzen zitzaiona biluziak marraztea zen”.
Hain zuzen, biluzien marrazkiak ikus daitezke ile-apaindegiko erakusketan, eta horietako batzuk lehen aldiz jarri dira ikusgai publiko aurrean. 1950eko hamarkadan Parisen egindako bi marrazki kubista nabarmendu ditu Salmeronek. Alvarezen beste lan kubista bat Legazpiko Kultur Etxean dagoela ere aipatu du, eraikineko barruko eskailerak igotzen hasita dagoen margo handia, hain zuzen. Mirandaolan ere badago bere mural bat. Esan behar da, gainera, artista horrek harreman estua zuela Legazpirekin.