Gazteen aurresku txapelketako finaletako bat, larunbatean Legazpin
Azokan jokatuko da finala, 16:30ean hasita, eta bertan Amaia Azpeitia legazpiarra izango da. Errenterian jokatuko dira beste bi finalak, hurrengo egunean.
Gipuzkoako dantzari gazteak prest daude asteburuan jokatuko diren gipuzkoar erako aurresku txapelketaren finaletarako. Final horietako bat Legazpin jokatuko da larunbatean, Azokan, 16:30ean hasita, eta Amaia Azpeitia legazpiarra izango da partaideen artean.
Legazpiko finala D saileko dantzariena izango da, hau da, 2007 eta 2014 bitartean jaiotakoena. Maila honetan guztira 32 dantzarik hartu dute parte, eta 14 iritsi dira Legazpiko saiora, tartean Sustraiak dantza taldeko Amaia Azpeitia eta Laia Arruabarrena legazpiarrak. Betronio handia eta Aurkez aurke desafioa dantzatu beharko dute. Goiz Deia txistulari bandako kideek jarriko dute doinua. Dantza saioa Sustraiak taldeak antolatu du, Legazpiko Udalaren laguntzarekin.
Hurrengo egunean Errenterian jokatuko dira txapelketaren beste bi finalak, 11:30ean hasita, Niessen Kultur gunean. Han ere Legazpiko dantzariak izango dira: A sailean (2012, 2013 eta 2014 urteetan jaiotakoak), June Osinalde, Araitz Berasategi, Nora Eskudero eta Irati Balentziaga, eta B sailean (2009, 2010 eta 2011 urteetan jaiotakoak), Jon Alberdi eta Maria Sanchez. A saileko dantzariek Ormatxulo eta Agurra dantzatu beharko dituzte, eta B sailekoek Hondarribi handia eta Segurako zortziko zaharra.