Antzerkia, Martxoan Bertsoari amaiera emateko
Ekida arte ekimenaren 'Agirretarren bandera' lanarekin bukatuko da, larunbatean, Martxoan Bertsoa zikloa
Larunbat honetan amaituko da aurtengo Martxoan Bertsoa zikloa, Agirretarren bandera antzezlanarekin. Antzerki saioa Urretxuko Labeaga aretoan izango da, 19:00etan. Labeaga aretoko ateak 18:45ean irekiko dira eta sarrera doakoa izango da.
Agirretarren bandera antzezlana Ekida arte ekimen sozialistak ekoiztu du. Joan zen larunbatean estreinatu zen Azpeitiko Soreasu aretoan. Estreinaldiak ikusmin handia piztu zuen eta 500 lagun elkartu ziren bertan.
Antzezlaneko protagonista Agirre familia da. Eugenio Agirreren heriotza da abiapuntua. Horren ostean, bere bi alabek eta hiru bilobek bizitakoak eta hitz egindakoak kontatzen dira oholtza gainean. Bi belaunaldi parez pare eta krisi kapitalista garaian indarrez loratutako kezkak, ezinegonak eta hausnarketak, bata bestearen atzetik.
Aurtengo Martxoan Bertsoa hogeigarrena izan da. Nobedade nagusia taldekako txapelketaren itzulera izan da. Zortzi taldek parte hartu dute eta Legazpiko Bertso Olariak nagusitu da. Talde hau Ane Beloki, Jone Narbaiza eta Lierni Ugartek osatu dute.
Bestalde, Korrika Urretxutik eta Zumarragatik pasa zen egunean, apirilaren 8an, bertso-poteoa egin zuten Beñat Torres, Maialen Akizu eta Mikel Iturriotzekin.