Basoari buruzko lanketa, Eskolako Agendan
Eskolako Agenda 2030 egitasmoaren barruan, Legazpiko ikasleak udaletxean izan dira, basoen inguruan egin duten lanketa udal agintariei azaltzeko.
Legazpiko ikasleak oso inplikatuta daude klimaren aldaketaren gaiarekin, eta horregatik Eskolako Agenda 2030 egitasmoan parte hartzen dute. Ikasturte honetan basoaren gaia landu dute, eta asteartean udaletxean izan ziren lanketa horren berri udal agintariei emateko.
Udaletxeko pleno aretoan elkartu ziren Olazabal, Haztegi eta Domingo Agirreko 30 ikasle, Koldobike Olabide alkatearekin eta Tokiko Garapen Iraunkorreko zinegotzia den Maite Lonbiderekin.
Lakiola eta Mantxola inguruan basoan egindako azterketalanak aurkeztu zituzten, eta Gela iraunkorreko ikasleek prestatu duten intsektuen hotelaren berri eman zuten. Gainera, gaiarekiko hartu dituzten konpromisoak eta proposamenak helerazi zizkieten udal agintariei.
Basoan zaborrik ez botatzea, animaliak eta landareak zaintzea eta eginda dauden bideak errespetatzea dira hartutako konpromisoak. Bestalde, basoa zaintzeko kanpainak egitea, autoen zirkulazioa kontrolatzea, lurjabeei aholkularitza ematea basoa garbi mantentzeko eta zuhaitz autoktonoak landatzeko, udalaren lursailetan bertako espezieak landatzea eta basoaren eguna antolatzea proposatu zituzten.
Amaieran, aurreko ikasturtean egindako proposamen bat martxan jarriko duela udalak jakinarazi zuen Lonbidek, kaleko garbitasunaren ingurukoa.