Bete-beteko landare feria
Baratze lanetarako gogoz dago jendea eta eguraldia lagun, ilara luzeak izan dira landare postutan. Ahuntz jogurta ere hasi da eta laster ahuntz gazta berria.
Zain geunden eta gertatu da. Atzokoa bezalako eguraldiaren beharra zuen Ordiziako azokak garaiari dagozkion salmentak, landareenak, bizitu zitezen. 18-19 gradu eta eguzkia nagusi, horrek bultzatuta goizean goizetik mugimendu handia, bereziki landare postuetan. «Jendea lanerako gogoarekin dago». Bai, hala da, landarea erosteak hori dakar, baratzean lanean aritu beharra. Halere gero norberak erein edo landatutakoa zaindu, jaso eta hura jateak ematen duen pozak ez du preziorik. Batez ere horrek duen balorea (ekonomikotik harago doana) estimatzen dakienarentzat edo dakienarekin konpartituz gero.
Salduenen artean haitz hostoa, batabia, kukuluak… entsaladan jan ohi ditugun uraza motak, zerbak, tomateak, leka landareak. Baita kalabaza edo kuia, kuiatxoa eta lekak. Azken hauei dagokionez batzuk hazitik ekartzeko ohitura dute, izan iaztik gordetakoa edo hazia erosi eta ekarritakoa. Hazitik ekartze horrek lan erantsia du eta bakoitzak ohitura, abilidade eta pazientziaren arabera jokatzen du. Baratza edo alor handiagoak dituztenak, eguraldia lagun oraintxe ari dira babarrunak eta artoa ereiten.
Ekarri dituzten garaiko produktu berriei dagokienez, borraja aipatu behar da 2 euroan sorta Aramako Arantxa Zurutuzak. Oso barazki eskertua dugu hau, gure baratzetan ia urte guztian izan genezake. Garatzen hasten denean, hazia botatzen utziz gero bere kaxa etorriko dira baratzean landare berriak. Loretan dagoen bitartean, lore more (eta tarteka txuriak) zoragarriak baratza dotoretzeaz gain erleen opari, gozagarri, ere izaten dira.
Ahuntz jogurta hasi da
Adunako Aldaba Zaharrekoak dituzte ahuntzak baserriko eremuetan eta hauek markatzen dute gazta horren denboraldia plazan. Laster izango dugu gazta ere, baina ahuntzak jetzi eta segidan jogurta egiten hasi dira eta atzo lehenak plazak. 720 gramoko ontzia 3,90€. Etxeko marrubiekin eta oso azukre gutxirekin egindako marmeladarekin nahasia ere ekarri zuten 233gramokoa, 2,70€. Berezkoa dute kalitatearen zigilua.
San Isidro eguna datorren igandean, baserritarren eguna. Erlijoa sinesmena izan ala ez, nekazarien egun honek bere barnean asko darama, «nekez-ari-da» esanahia ere bai, egia latza. Balore eta merezimendu handiko ofizio horretan ari denari dagokion balorea ematea guri dagokigu gizarteko parte eta erosle garenoi.