'Bimdu', liburuak liburuen truke
Bimdu izeneko aplikazioa sortu du Aitor Marcok (Ormaiztegi, 1994) liburuak doan edo merke trukatzeko. Sare sozial moduko bat da. Liburua aukeratu, txataren bidez hitzordua egin eta trukaketa egiten da.
Bimdu izeneko aplikazioa sortu du Aitor Marco ormaiztegiarrak. Liburuak doan edo merke trukatzeko aplikazioa da, Android sistema duten gailuentzat garatua. Irakurzaletasuna eta Informatika Ingenieritzako ikasketak uztartu ditu aplikazioa sortzeko, liburuen trukaketan eta salerosketan zegoen hutsuneaz ohartuta. Edozein liburu jarri daiteke aplikazioan, eta erabiltzaile bakoitzak aukeratu dezake doan jarri ala prezio bat zehaztu.
Duela lau urte bururatu zitzaion Marcori aplikazioa martxan jartzea, Donostian unibertsitatean ikasten ari zela. «Liburuak modu merke batean lortzeko asmoa neukan, eta ez nekien nola. Liburuak lortu nahi nituela eta ikasitakoa praktikan jarri nahi nuela elkartu zen». Garai hartan, halere, ideia bat besterik ez zen izan. Madrilen bizi da orain, eta bertan bukatu du Donostian hasitakoa. «Unibertsitateko lanak zirela eta alde batera utzi nuen. Madrilera etorri nintzen bizitzera, lanean hasi nintzen, hiri berri bat…»
COVID-19aren krisia iritsi aurretik berriz ere heldu zion ideiari. Android aplikazioak programatzeko kurtso bat egin zuen. Bimdu Android gailuentzat dago eskuragarri. «Kurtsoan ikasitakoa praktikan jartzeko egin nuen Androidentzat. Gero asmoa da Apple gailuentzat ere garatzea».
Sare sozial bat
Erabilera intuitiboa dauka Bimdu-k. Aplikazioa deskargatu eta trukatu nahi dituen liburuak jarri ditzake erabiltzaileak, doan zein prezio zehatz batean. Besteek zer eskaintzen duten ikusi daiteke, eta maparen bidez, liburu bakoitza non dagoen azaltzen da. Aukeratu, txataren bidez hitz egin, hitzordua egin eta kalean edo tabernaren batean gera daitezke bi aldeak trukaketa egiteko. Marcok adierazi bezala, «sare sozial moduko bat da».
Liburuen salerosketan edo trukaketan oinarritutako aplikazioen alorrean hutsune bat zegoela ohartuta garatu du Bimdu. «Begiratzen aritu nintzen eta ez nuen horrelako aplikaziorik aurkitu. Aukera bat ikusi nuen». Irakurri nahi diren liburuak etxean gordeta eta erabili gabeko liburuen truke eskuratzeko aukera ematen du. Adin guztietako irakurzaleei zuzendua, liburuak «doan edo merke lortzeko asmoa dutenentzat egokia» dela dio ormaiztegiarrak.
Aukera zabala
Denetik aurki daiteke aplikazioan: Noemi Casquet-en Libres, Koro Navarro eta Josu Zabaletaren Nikolas Txikiren historia ezezagunak, F. Scott Fitzgerald-en‘El Gran Gatsby, Javier Castillo-ren El juego del alma, Tony Gibbons-en La enciclopedia de los barcos, Anna Todd-en After… Prezioaren, kokapen geografikoaren edo azken eskaintzen arabera ikusi daitezke liburuak zerrendan.