Elikaduraren zazpi zutabeak
Amaia Aierbe eta Amaia Diaz de Monasterioguren nutrizionistek ongizateari buruzko hitzaldi sorta irekiko dute gaur Urretxun. Bertatik Bertara egitasmoaren babesa dute.
Ongizatearekin, osasunarekin, elikadurarekin eta garaiko janariekin interesatuta daudenek hitzordua dute gaur, Amaia Aierbe eta Amaia Diaz de Monasterioguren nutrizionistek Urretxun gidatuko duten solasaldiarekin. Elikaduraren zazpi pilareak izenburua jarri diote, eta Aizpurunea kultur etxean egingo dute, euskaraz, 18:00etan.
Legazpin ere egingo dute, euskaraz eta gaztelaniaz, maiatzaren 26an, 18:00etan hori ere, Kultur Etxean. Eta Zumarragarako ere jarri dute hitzordua, gaztelaniaz: ekainaren 9an, 18:00etan, Zelai Arizti kultur etxean. Aurretik Ezkion ere izanak dira bi nutrizionistak.
Ongizatea osotasunean
Amaia Aierbe ataundarra eta Amaia Diaz de Monasterioguren oñatiarra daude hitzaldi sortaren atzetik. Biak nutrizionistak dira, eta bakoitzak mundu horretan bere bidea egina badu ere, bat egiten dute «ongizatearen ikuspuntuan», Aierbek azaldu duenez. «Ongizatea osotasunean hartzen dugu, fisikoa eta mentala elkartuta, eta horren inguruan hausnarketa egiteari garrantzia ematen diogu. Hausnarketatik ongizatera iristeko prozesuan gu bidelagun gara».
Ongizatearen kontzeptu horri jarraiki, hitzaldietan, elikaduraz gain, beste gai batzuk ere landuko dituztela zehaztu du Diaz de Monasteriogurenek: «Elikadura izango da oinarria, nutrizionistak garelako, baina osasuna puntu askotatik landuko dugu, eta horietako bat da naturak gure gorputzean eta gure osasunean duen garrantzia». Naturak onura asko dituela eta jan ere naturaren erritmoan jan behar dela dio.
Hitzaldi «praktikoa eta dinamikoa» egingo dute, eta besteak beste, «elikadura, mugimendua, natura eta autozaintza» landuko dituzte. «Hitzaldia baino gehiago, solasaldia izango da, ariketa bat… jabetzeko norberak non dituen hutsuneak eta non indarguneak». Harremanak, autoezagutza, atsedena, arnasketak, janaria prestatzeko moduak, bertako eta garaiko janaria… horiek izango dira solasaldi horretan mahai gainean jarriko dituzten puntuetako batzuk.
Ezkio-Itsasoko eskolan
Proiektu honen ernamuina Ezkio-Itsasoko eskola txikiko jangelan dago. 2015-2016 ikasturtean hasita, bertako eta gertuko ekoizleen produktuekin osatuta Topa jatetxeak haurrei prestatzen dizkien menuekin lagun- tza ematen ari da Diaz de Monasterioguren, Bertatik Bertara egitasmoaren babesarekin. Filosofia hori eta eskaintzen dituen onurak eskolatik herri osora zabaltzeko eskaria jaso zuen, eta horretarako osatu du bikotea Aierberekin. Azken batean, «bertako produktuak balioan jartzea eta horren ondorio den natura zaintzea bizitzako filosofia bat dela erakutsi nahi dugu».
«Naturatik gatoz eta naturara itzultzen gara, eta gure elikadura eta kontsumo ohituretatik abiatuta asko egin dezakegu gure ongizatea eta ingurukoena osatzeko», dio Aierbek. Filosofia edo pentsakera hori zabaltzen Uggasa eta Bertatik Bertara lagungarri izan dituzte bi nutrizionistek.