Irizar e-mobilityko langileak Beasainen izango dira
Goierriko Kontseilu Sozialistak eta Bategin sareak Irizar e-mobilityko langileei hitza eman diete, euren lan gatazkaren berri emateko
Irizar e-mobilityko langileek hitzaldia eskainiko dute gaur, 17:30ean, Beasaingo udaletxeko areto nagusian. Euren lan gatazkaren nondik norakoak xehetuko dituzte. Goierriko Kontseilu Sozialistak eta Bategin sareak antolatu dute hitzaldia, krisi kapitalistaren eta langile borroken gaurkotasuna jorratzeko.
Irizar e-mobilityko langileak greba mugagabean daude apirilaren 25az geroztik. Langileek lan baldintzak “txarrak” eta produkzio erritmo “handiak” salatu dituzte. Irizar konpainiak 2016an sortu zuen adarra. Hastapeneko urteetan ekoizpenaren desordena “ulergarria” izan zitekeela dio langile batzordeak, baina gaur egungo baldintzek antzera jarraitzen dutela azpimarratu dute: “Lan baldintzek langileen sumina pizten doaz. Ikusten dugu nola azken urteetan produkzioa sei bider handitu den, nola kartera handituz doan produkzio erritmoa behin eta berriz handitzera behartuz eta nola langileen eskubideak eta lan baldintzak bide ertzean estankatuak ditugun”.