Nekazarien Anaidiak hasi ditu urrezko ezteien ospakizunak
Telleriarteko auzotarren eta herriko baserritarren topagune izateaz gain, lotura estua izan du txirrindularitzarekin. Atzo egin zuten ospakizunaren ekitaldi nagusia, eta hainbat txirrindulari inguratu ziren bertara.
Nekazarien Anaidiak atzo abiatu zuen bere 50. urteurrenaren ospakizuna. Elkartearen historia jasoz Sebastian Santestebanek egindako hitzaldi laburrak ireki zituen ekitaldiak, eta une horretan 250 argazki biltzen dituen erakusketa inauguratuta geratu zen. Luntxa eskaini zuten gero, eta taldeko argazkia ere atera zuten bertaratutakoek.
Telleriarte auzoan kokatuta, duela 50 urte ireki zituen ateak Nekazarien Anaidia elkarteak, auzotarren eta herriko baserritarren topagune bihurtuz. Gero, auzoa txirrindularitzaren munduan ezagun egin zuten makina bat ziklo kros proba antolatu zituen, eta Telleriarte Txirrindulari Elkarteko lehen egoitza izan zen. Hori dela eta, atzoko ekitaldira txirrindulari ugari zeuden gonbitatuta. Besteak beste, Txomin Perurena, Miguel Mari Lasa, Jose Maria Basualdo, Jokin Mujika, Iñaki Maiora, Joxe Mari Yurrebaso, Jose Ramón Izagirre, Iñigo Igartua eta Xabier Aldanondo izan ziren.