Burgosko Castro Grande mendira igotzeko irteera antolatu du Izadi Zaleak elkarteak
Mendizale elkartea orientazioa ari da lantzen hilabete honetan. Pasa den igandean Lakiolako Kimu-berri inguruan izan ziren, eta hilaren amaieran asteburu pasa joango dira, orientazio abentura sorpresa bizitzera.
Izadi Zaleak mendizaleen elkarteak orientazioari eskaini dio maiatzeko jarduna, eta igande honetan hilabete honetarako antolatu duten bigarren irteera egingo dute. Burgosko Castro Grande mendia igotzeko irteera antolatu dute.
Egun osoko plana izango da. Legazpitik 07:00etan aterako dira, autobusez, eta 19:00 inguruan itzuliko dira. Villasana de la Menara joango dira, eta Covides herritik igoko dira. Ibilbidea 16,9 kilometrokoa da, eta desnibela 938 metrokoa.
Izena eman behar da joateko, eta bihar osteguna da azken eguna. Izadi Zaleak elkartean apuntatu behar da, 18:30etik 19::00etara.
Orientazioaren hilabetea
Castro Grandekoa, orientazioaren hilabeteak Izadi Zaleak elkarteak egiten duen bigarren irteera da. Lehena pasa den igandean, maiatzak 15, egin zuten, herrian bertan, Lakiolako Kimu-berri aterpe ingurura. Orientazio lasterketak ezagutzeko jokoak egin zituzten, mapak irakurtzen eta abar ikasiz.
Hurrengo irteera asteburukoa izango da, maiatzaren 28 eta 29an. Abentura sorpresa izango da, eta partaideek ez dakite oraindik nora joango diren. Irteera horretan ere orientazioa izango da protagonista.