Legazpiko PSE-EEk ontzat eman ditu herriko enplegu datuak
Pedro Sanchezen Gobernuaren lan erreformarekin eta politika ekonomikoarekin lotu ditu.
Legazpiko enplegu datuak “ontzat” jo ditu herriko PSE-EEk, eta Pedro Sanchezen Gobernuaren lan erreformarekin eta politika ekonomikoarekin lotu ditu, horrek “ondorio positiboak” izan dituelako lanpostuen sorreran eta horien kalitatean, batez ere emakumeengan.
2021eko apiriletik 2022ko apirilera bitartean, 326tik 300 pertsonara jaitsi da langabezia Legazpin; 2018aren amaieran 294 langabetu zeuden. Kontratazio mugagabeari dagokionez, ia bikoiztu egin da. Hala, 2021eko lehen lau hilabeteetan 23 kontratazio mugagabe egin ziren bitartean, 2022an 52 egin dira. Bestalde, 2022ko lehen lau hilekoan aldi baterakoak izatetik mugagabeak izatera 43 kontratu garo dira, eta kontratazio berrien behin-behinekotasuna %90etik %82ra jaitsi da.
Datu horien guztien aurrean, PSE-EEk dio “gure lan merkatuan ohikoak diren kontratuen behin-behinekotasuna eta prekarietatea geldiarazi” egin direla, eta Pedro Sanchezen gobernua “susperraldi justua” bultzatzen ari dela. Krisiaren unerik gogorrenean “erantzun” duela ere nabarmendu du, “eskubideak aurreratuz, gaurko arazoei irtenbideak emanez eta herria biharko aldaketetarako prestatuz”. Bestetik, EAJ, EH Bildu eta PPren jarrera deitoratu du, “elkarrizketa sozialaren ondorio” den lan erreformaren aurka bozkatu zutelako.