Bakardadeari aurre egiten laguntzeko, formazio saioak gaur Legazpin
Herriko merkatariei, gizarte eragileei eta bizilagunei zuzendutako saioak izango dira.
Bakardadea gaitzat hartuta Legazpiko Udaleko Gizarte zerbitzuek antolatutako Gizarte Foroaren ikasturtea amaitzeko, formakuntza saioak egingo dituzte gaur arratsaldean.
Gizarte Foroak hiru saio egin ditu bakardadearen inguruan, eta parte hartu duten merkatariek, gizarte eragileek eta herritarrek gai horri buruzko formakuntza behar dela ikusi dute. Horri erantzunez, udaleko Gizarte Zerbitzuek, Bizipoz eta Servicios Sociales Integrados S. Coop. kooperatibarekin elkarlanean, nahi ez den bakardade egoeran dauden pertsonak detektatzeko prestakuntza saioak antolatu ditu. Legazpin gizarte hauskortasun, bakardade edo gizarte isolamendu egoeran dauden adineko pertsonekiko konpromisorantz mobilizatzea da saio horien helburua.
Eta merkatariak, gizarte eragile eta herritarrak detekziorako funtsezko kanaletako bat direla ulertzen dutenez, bi formakuntza saio antolatuko dituzte. Gaur izango dira biak, Kultur Etxean, 14:00etatik 16:00etara merkatariei zuzenduta, eta 17:00etatik 19:00etara gizarte eragileei eta herritarrei zuzenduta.