Hegialde, 42 urte jaiak hasi zirela
Duela bi urte ospatu gabe geratu zen 40. urteurrena berreskuratu dute. Etzi, Vancouver, Antisepsia eta Dulce Castigo taldeen kontzertua dago. Jaiak ekainaren 10, 11 eta 12an dira
Hegialden inoiz baino gogo handiagoa dute urteroko jaiak iristeko, batez ere azken asteetan lan eta lan ari diren jai batzordekoek. Pandemiaren erruz azken bi urteetan ez dira ospatu, eta, gainera, jaiek 2020an betetzen zituzten 40 urteen ospakizuna ospatzeko geratu zen. Aurten izango da horretarako aukera, ekainaren 10etik 12ra bitartean.
Oraindik aste batzuk falta dira, baina ekaineko data seinalatu horiek iritsi bitartean, festa giroa izan da auzoan eta izango da ere hurrengo egunetan. Talo festa egin zuten apirilean, larunbat honetarako kontzertu bat antolatu dute, eta Xabier Ortiz de Luzuriagaren omenezko mendiko bizikleta martxak jarrita du eguna, ekainaren 5a.
Horrez gain, jaietarako dirua lortzeko kamiseta eta bandera salmenta martxan dago Intxausti eta Maiatza tabernetan, Rakel belardendan eta Irati okindegian. Jai egunetarako egitaraua ere itxita dago.
Taloak, hasteko
Aurtengo Hegialdeko jaiak apirilaren 9an hasi zirela esan daiteke. Ospatu gabe geratu zen 40. urteurrenaren aitzakian, jai batzordeak Hegitalofesta antolatu zuen egun hartarako. Taloak salduz dirua biltzeko helburua zuten, eta haurrentzako jolasak eta lasterketak, eta bingo saioa ere izan ziren. Giro bikaina izan zen auzoan egun hartan.
Orduz gero, jai batzordeko kideek ez dute etenik izan eta lan eta lan jardun dute ekaineko astebururako egitaraua osatzeko. Azken asteak, gainera, Domingo Agirre eskolaren eraikuntzan duten lokalean maiz elkartu dira, jaiei hasiera emango dien txupinazorako prestaketak direla eta. Karroza bat aterako omen dute aurten, auzotarrek osatutako txarangarekin batera.
Kontzertuak asteburuan
Bestelako lanetarako tartea ere hartu dute jai batzordekoek, eta atzeratuta datorren 40. urteurrena berotzen hasteko, kontzertua antolatu dute larunbat honetarako. Duela bi urte egin behar zen kontzertua da, baina ordurako hitzartuta zeuden Ramadeke eta Hartu Arte talde legazpiarrak ez dira izango jotzen. Kartelera herriko beste bi taldek osatuko dute, Vancouver eta Antisepsiak, Bilboko Dulce Castigorekin batera.
Vancouver 20:00etan hasiko da jotzen, eta 21:00ak eta 22:00ak bitartean Dj Tintz ariko da musika jartzen. Ondoren, Antisepsiak joko du lehenik, eta Los Suaves taldearen bertsioak egiten dituen Dulce Castigok gero.
Kontzertua Hegialdeko kale nagusian izango da, eta inguruan txosna egongo da, edari eta janariarekin.
Txarangarako deialdia
Txupinazoaren egunerako duela 42 urte atera zen txaranga berreskuratzeko asmoz dabiltza, eta jai batzordekoek deialdia egin diete auzotarrei parte hartzera animatu daitezen. Ez da derrigorrezkoa musika tresna bat jotzen jakitea, gogoa bakarrik behar omen da. Jesus Castillejoren eta musika eskolako eta musika bandako hainbat kideren laguntza izango dute.