Afrika gertuago izateko
Afrikako astea ospatu dute Ordizian, Divina Gipuzkoako Emakume Nigeriarren Elkartearen ekimenez. Elkar ezagutuz elkarbizitza sustatzea du helburu antolakuntza taldeak
Afrikako astea ospatuko dute Ordizian bigarrenez, Divina-Gipuzkoako Emakume Nigeriarren Elkartearen ekimenez, eta Ordiziako Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Hala, aste honetarako ekintza sorta antolatu dute.
Divinako kideen helburua da, «Afrika ordiziarrei gerturatzea; elkar ezagutzatik elkarbizitza sustatzea». Horregatik, herritar guztiak gonbidatu dituzte ekintzetan parte hartzera.
Gaur arratsaldean Mrs. F. dokumentalaren emanaldia izango da Herri Antzokian, 19:00etatik aurrera. Doako emanaldia izango da.
Ostiralerako, afrikar jaia antolatu dute. Afrikako dantzak, pintxo potea, eta bestelako ekintzak izango dira, Ordiziako Plaza Nagusian, 18:30etik aurrera.
Nigeria eta Sahara
Maiatzaren 21a, larunbata, Elkarrizketarako eta Garapenerako Kultura Aniztasunaren Nazioarteko Eguna izan zen, eta horren harira, Ordiziako emakume nigeriarrek eta sahararrek topaketa txiki bat egin zuten. Bi komunitateetako emakumeek bizi dituzten egoeren inguruan solasaldia egin zuten. Horrez gain, jantzi eta janari trukea egin zuten.