Artea, bi herrietako auzoetara
Kultur Aterkia kolektiboak erakusketa, arte tailerra eta musika kontzertuak antolatu ditu larunbat honetarako. Ekitaldi guztiak Zumarragako Eitzaga auzoan izango dira.
Pandemia garaian Urretxuko eta Zumarragako kultur mugimenduarekin modu batean edo bestean zerikusia izan duen lagun talde batek Kultur Aterkia egitasmoa abian jarri zuen, kultura eta giza harremanak suspertzeko. Herriko artistei beraien lana ezagutzera emateko aukera eman zieten eta Zumarragako plazan ekitaldi jendetsu bat antolatu zuten. Aurten, egitasmoa auzoetara zabalduko dute. Larunbat honetan festa handi bat egingo dute Eitzagan. Larunbatean prentsaurrekoa egin zuten ekitaldia aurkezteko.
Beste behin, harremanen eta kulturaren garrantzia azpimarratu zuten. «Pandemia osteko garai hauetan ikusten ari gara harreman sareak berreraikitzea, gertuko komunitateak eta auzolana ezinbesteko osagaiak direla ongizate pertsonal eta kolektiborako. Ongizatea ez da kontsumotik etorriko, elkarren igurtzi, zentzu komunitario eta bizitza bizigarriak eraikitzetik baino. Gure gertuko komunitateak herriko kale eta auzoak dira, eta auzoak biziberritzen laguntzeko eta harreman sareak sendotzeko paper paregabea betetzen dute festek, ospakizunak, arteak eta kulturak».
Honela, Kultur Aterkia kolektiboak, Eitzagako Jai batzordearekin lankidetzan eta Zarraparraz kolektiboaren laguntzarekin, artea eta musika Eitzagako kaleetara eramango dute larunbatean. «Kultura auzoetara eraman nahi dugu, topagune izaerak indartu».
Goizetik iluntzera bitarteko egitaraua antolatu dute. Egun osoan zehar, artista askoren artelanak egongo dira ikusgai Eitzagan: Antigua Hiribidea kalean, ermitatik aurrera.
11:00etan, haur eta gaztetxoentzako arte tailerra egongo da Ramon Sanchez eta Julen Etxezarreta artistekin. Sanchezek eta Etxezarretak beraien lan egiteko moduak erakutsi eta praktikan jarriko dituzte. Ondoren emaitzak ikusgai jarriko dituzte, kalean.
Vivak musika taldea
20:00etan Vivak musika taldearen kontzertua izango da. Talde hau Urretxuko eta Zumarragako hiru lagunek osatzen dute: In?aki Beruetek (gitarra), Jon Ander Camposek (gitarra) eta Aitor Carrascok (perkusioa).
Vivak taldea konfinamenduaren ondoren sortu zuten eta duela gutxi lau abesti grabatu dituzte. Beraien abestiak vivak.bandcamp.com webgunean entzun daitezke. 21:00etan pintxoak eta luntxa egongo dira, Korta tabernaren eskutik. Gainera, Josune janari-dendak emandako saski bat zozkatuko da. Saskia 5 euroko laguntza bonuak erosten dituztenen artean zozkatuko da.
Bukatzeko, 22:00etan, Occhi di Farfalla talde zarauztarrak kontzertua egingo du. Occhi di Farfalla taldea Miren Aranguren eta Hodei Estebanen proiektu akustiko gisa sortu zen, baina denborarekin laukote elektriko izatera eta rock doinuak lantzera pasa da. Beraien diskoak occhidifarfalla.bandcamp.com webgunean entzun daitezke.