Bellota Herramientas enpresak fabrikazio lerro berria jarri du martxan
Legazpiko lantegian lau milioi euroko inbertsioa egin dute. Aitzurren eta mailuen ekoizpena ia bikoiztu egingo da. Langile kopuruan ez du eraginik, baina hiru txanda jarriko dira.
Bellota Herramientas enpresak fabrikazio lerro mekanizatu berria ireki du Legazpiko lantegian, ia lau milioi euro inbertituta. Lerro berriarekin, aitzur eta mailuen ekoizpena ia bikoiztu egingo da.
Joan den asteazkenean erakutsi zieten instalazioa Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuari, Markel Olano Gipuzkoako Diputatu Nagusiari, Koldobide Olabide Legazpiko alkateari eta Bellota Taldeko Pablo Izetari.
Ekoizpena bikoiztuz
Egunean 4.000 aitzur egiten ziren Legazpin, baina lerro berriarekin, 7.200 egingo dituzte. Tipologia eta modelo askotako aitzurrak izango dira. Kopuru horretara urte amaieran iritsiko dira, lantegia produktibitatearen %100era heltzen denean.
Mailu gehiago ere egingo dituzte, eta ekoizpena eguneko 2.000tik 4.000ra igaroko da.
Bost robotek, indukzio labe batek eta beste bost makinek osatzen dute lantegiko lerro berria, guztiak Bellota Herramientas enpresan bertan diseinatuak eta fabrikatuak. Erreminta tirada txikiagoak egiteko aukera ematen dute, gainera.
Langileen kopuruari, aldiz, ez dio eragiten. Hala ere, lan txanda bat gehiago jarriko dute, eta aurrerantzean hiru izango dira.
Produktu jasangarriagoak
Bellotak «produktu jasangarriagoa, lehiakorragoa eta kalitate bikainekoa» egingo du, lerro berriak «abantaila esanguratsuak» dituelako. Ekoizpena bikoizteaz gain, «jasangarriagoa izango da erreminta fabrikazioa, eta energia eraginkortasun handiagokoa».
Gainera, «ekonomia zirkularra sustatuko du». %13 inguru gutxituko da fabrikazio prozesuan sortzen den altzairu soberakina, eta lehengaien kontsumoa txikiagoa izango da, material gutxiago beharko da erre- minta egiteko. Elektrizitate kontsumoa ere jaitsi egingo da; energia kontsumoa %20 murriztuko da orokorrean, energia eraginkortasuna areagotuz.
Langileen segurtasunak ere hobera egingo du, fabrikazio prozesuan egiten den urrats mekaniko errepikakorretako bat desagertu egingo delako.
Geroz eta eskari handiagoa
Produkzioa bikoiztuta, aitzurren eta mailuen geroz eta eskari handiagoa asetzeko gai izango da enpresa. Europa hegoaldeko, Afrika iparraldeko, Ekialde Ertaineko eta Latinoamerikako herrialdeetara esportatuko ditu erreminta horiek.
Igeltsero paleten ondoren, aitzurrak dira Bellotak gehien saltzen dituen erremintak. Hain zuzen, negozio adar horretako salmenten %15a dira, eta mailuak, berriz, %12a. Produktu horien salmenta %40 handitzea da lerro berriaren helburua.
Bellota, Patrizio Etxeberriak sortutako marka
Legazpin dute egoitza Bellota Herramientas eta Bellota Agrisolutions enpresek. Gaur Venanpri Taldean daude, baina 1908an Patrizio Etxeberriak sortu zuen lantegian dute jatorria. Gero Corporacion Patricio Echeverria izan ziren.
Venanpri Taldeak bi dibisio ditu, esku erremintena eta nekazaritzako makinen osagaiena edo Agrisolutions.
Bellota Herramientas erreminten dibisioan dago. Nekazaritza, lorezaintza, eraikuntza eta industriarako erremintak diseinatzen eta egiten ditu. 1.066 langile ditu munduan, eta Legazpin, Nafarroan, Kolonbian, Mexikon eta Erresuma Batuan ditu lantegiak. Etxeberriak sortutako Bellota, Corona eta Burgon & Ball dira marka nagusiak.
Bellota Herramientas enpresak 48 milioi euro fakturatu zituen iaz; Venanpri-ren erreminten dibisioak, 200 milioi.