Joko interaktiboz bete dute Haztegi Ikastolako patio nagusia
Ikastolako patioan koloretako irudiak margotu dituzte, haurrak joko interaktiboen bidez hazi eta hezteko.
Haztegi Ikastolako patioak itxura aldatu du, lurrean margotu dituzten koloretako irudi batzuei esker. Haurrei interakziorako aukera eskaintzen dieten jokoek osatzen dituzte irudi horiek.
«Patioa bezalako kanpoko espazioek ikasleak hazi eta hezi daitezen duten garrantzia» nabarmentzeko gauzatu dute ekimen hori. Haurren interesetatik abiatuta, «gogoko erronkak» proposatzen zaizkie jolas horiekin. Aldi berean, genero bereizketarik gabeko guneak sortzeko helburua ere izan du proiektuak. Izan ere, patioa futbol eremua izan ohi da, eta ondorioz, mutilen bilgune sarritan.
Eskola Agenda 30aren barruan jasotzen dira helburu horiek. Ildo horretan, Haztegi Ikastola aitzindaria izan da, eta 2009-2010 ikasturtean jaso zuen lehen aldiz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ikastetxeei ematen dien Eskola Jasangarriaren ziurtagiria. Lau urtetik behin berritu du titulua, eta oraintxe jaso du 2021-2022 ikasturtekoa.
Ziurtagiri horrek erakusten du «Haztegik ingurumenarekin, jasangarritasunarekin, hezkuntzaren ikuspegi berritzailearekin eta komunitatearen eskuhartzearekin duen konpromisoa».