«Kasik obligazioa zen igotzea»
Alain Eizmendi Blanco (Beasain, 1990) herriko taldera itzuli zen denboraldi hasieran. Sasoi historikoa egokitu zaio, 20 urte baitira Beasain ez zela igotzen. Bertan jarraitu nahi du.
Igoera ezinbesteko helburua zen?
Hasieran ez genuen helburu zehatzik. Partidak joan ahala ikusiko zen non egoteko modua izango genuen. Azkenean, goian egoteko taldea izan dugu. Behin hor sartuta, kasik obligazioa zen igotzea, horrelako beste aukera bat izatea zaila izango zelako. Bai edo bai aprobetxatu beharra zegoen.
Behin lortuta, presioa kendu zenuten?
Dena ondo bukatu zen eta sentsazio gozoarekin gelditu ginen, lana borobildu genuela. Oso pozik gaude guztiok. Emaitzez gain aldagelan oso-oso harreman ona izan dugu.
Garrantzitsua izango da hori.
Talde barruan giro ona izatea oso-oso garrantzitsua da, konfiantza ematen duelako. Entrenatzaileak behin eta berriz errepikatu digu sekula ez duela halako girorik bizi izan.
Taldeak azken egunak nola bizi izan ditu?
Urduri, tentsio puntu batekin. Azkenerako, jende gazte asko dago taldean. Beraientzako igoera fase bat zerbait berria zen, sekula ez zuten halakorik jokatu, eta agian apur bat nabaritu da. Baina tira, zelaian ez du ondoriorik izan. Taldekide denok oso lan ona egin dugu.
Sekulako urtea daramazue. 2022an partida bakarra galdu duzue eta igoera faseko hiru partidak irabazi egin dituzue. Non dago gakoa?
Eguneroko lanean. Oso ondo entrenatu dugu eta jokalariok oso sartuta egon gara. Entrenatzailearen lana ere erabakigarria izan da. Taldea oso ondo kudeatu du. Eta ez da lan erraza: 22 lagun helburu berdinagatik lanean jartzea. Azkenerako, dinamika onean sartu ginen eta gauzak ongi atera dira.
Erritmoa hartzea kosta egin zitzaizuen, halere. Etxetik kanpo emaitza onak lortu arren etxeko lehen bost partidetan ezin izan zenuten irabazi. Zer gertatu zen?
Denboraldi hasieran bolada txar bat izan genuen, egia da. Bilera bat egin genuen aldagelan eta jokamoldea aldatzea erabaki genuen. Jokoa horrenbeste landu beharrean errazago jokatzen hasi ginen, zuzenago, luzeago. Nik uste dut hori inflexio puntu bat izan zela. Asmatu genuen.
Pertsonalki gustura zure denboraldiarekin?
Bai. Oso ondo hasi nintzen baina min hartu nuen. Hiru-lau hilabete ibili nintzen ezin jokatuta, eta oraindik ere nabaritzen dut. Baina jokatutakoarekin eta emandakoarekin oso gustura nago. Orain atseden hartu eta indarberritzea tokatzen da, datorren denboraldiari berriz gogotsu ekiteko.
Beasainen jarraituko duzu?
Oraindik ez dakit ezer. Pentsatzen dut egun batzuk emango dizkigutela apur bat deskonektatu eta atseden hartzeko. Geroago deituko digute ea zein iritzi duten gutaz eta zer proposatzen diguten.
Gustatuko litzaizuke jarraitzea.
Bai. Oso gustura izan naiz. Beste pare bat urte jokatzeko indarrarekin eta gogoarekin nago, eta gustatuko litzaidake hemen egitea.
Zipren ibili zara, Beasainen jokatu aurretik Salamancan (Espainia) jokatu zenuen… Etxera itzultzea berezia izango zen, ala?
Txikitatik kanpoan ibili izan naiz, baina beti nahi izan dut etxera itzuli eta hemen jokatzea. Begira zein denboraldi tokatu zaidan.
Futbolean gauza handiak lortutakoa zara, bi bider lortu duzulako Lehen Mailara igotzea. Horren aldean, igoera hau nolakoa da?
Oso politak izan ziren Eibarrekin eta Leganesekin lortutako igoerak. Baina hau oso berezia izan da. Beasaindarra izanda opari bat izan da denboraldi hau.
Herritarrak ere gustura daude. Atzo suziriak eta guzti bota zituzten.
Datorren denboraldia oso polita izango da. Maila asko igoko da eta partidak oso politak izango dira. Gu ondo prestatu beharko gara. Eta klubarentzat eta zaleentzat oso denboraldi berezia izango da.