Txindokiko kilometro bertikalean bost korrikalari igo dira markaren azpitik
Asier Larruzea irabazleak 35:59 minutuan kokatu du errekorra, Merillasena baino bi minutu gutxiago. Emakumeetan Oihana Kortazar garaile. Goierritar onenak, Uribeetxeberria eta Unanue
Txindokiko malda pikoetako mendi lasterketaren itzulerari, ibilbide aldaketak ekarri dion ikusmina gehitu zaio aurten. Larunbat goizean jokatu zen Txindokiko Kilometro Bertikala, eta ez zuen pronostikoetan hutsik egin: denbora bikainak, partaidetza gorena eta etorkizuneko desafioetarako ataka estua utzi ditu.
Larraiztik beherantz, neutralizatuta abiatu ziren korrikalariak, minutu erdiko tartearekin, Gaintzako bidegurutzera arte. Handik gora hasi zitzaien lasterketa eta zailtasuna, errukirik gabeko 3,6 kilometro aurrerantz eta 980 metro gorantz. Bero sapak gogortu du berez gordina den igoera, basotik irten orduko eguzki bizitan; goian haizea ibili zuen. 189 korrikalari sailkatu dira, horietatik 26 emakumeak.
Larruzea eta Kortazar
Banaka eta une oro gorantz, norbere buruarekiko norgehiagoka beste estrategiarik ez du onartzen Kilometro Bertikalak. Eta espezialistetan onenetakoak nabarmendu dira. Asier Larruzea gueñestarrak irabazi du gizonetan (35:59), eta Oihana Kortazar elgetarrak nesketan (44:05).
Manuel Merillasen izena zegoen zapatura arte Txindokiko igoera azkarrenaren egiletzat. Bost partaidek birrindu zuten haren 38:10 minutuko marka: Larruzeak, Mikel Beuntza (36:25), Ricardo Cherta (36:46), Iñigo Altzola (37:28) eta Aitor Ugartek (38:00).
Emakumeetan, Kortazarrekin batera, Ainara Urrutia aretxabaldarra (45:41) eta Combarieu Maud urruñarra (47:24) —iaz Ordiziako Mendi Lasterketaren irabazlea— igo ziren podiumera.
Goierriko Koparako
Goierriko Kopa Trail sailkapenerako baliagarri izan da Txindokiko Kilometro Bertikala, nahiz ohiko diziplinetatik bestelakoa izan den karrera. Hala, kopan aurrean dauden lasterkari gehienek ez dute parte hartu Txindokin, eta ez da aldaketa esanguratsurik sailkapenean.
Trail distantzia luzerako puntuak Txindoki tontorreko sailkapenak eman ditu, eta esprinterakoak Tximista bidearen hasierako krono-puntuak. Tarteko kontrolera lehenengo Ricardo Cherta valentziarra iritsi zen (19:05 minutu).
Txindokiko Kilometro Bertikaleko goierritar onenak Iñigo Uribeetxebarria legazpiarra (8. gizonetan, 40:01) eta Ainhoa Unanue urretxuarra (7. nesketan, 49:53) izan dira.