Hasi da futbol festa
Futbol-7 Legazpi txapelketa aurreko larunbatean abiatu da. Inoiz baino partaidetza handiena du, 33 taldetan banatutako 410 jokalari. Finala uztailaren 2an jokatuko da, eta ondoren bazkaria
Ilintxako taldeen denboraldiak eta partida esanguratsuenak amaituta, bestelako futbolak hartu ditu Bikuñako zelaia eta harmailak. Asteburuan Futbol-7 Legazpi txapelketa herrikoia hasi da, bere 14 urteko ibilbidean izan duen partaidetzarik handienarekin. Finala uztailaren 2an jokatuko da, eta ordura arte, astebururo izango dira partidak Legazpiko futbol zelaian.
Pandemiaren erruz bi urtez egon da jokatu gabe txapelketa, eta aurtengoa presaka antolatu behar izan duten arren, martxan da aurreko larunbatetik. Antolaketa taldean Julen Diez, Aitor Gonzalez, Oihane Gurrutxaga eta Maddi Villarreal ari dira, Legazpiko Gazteak kirol klubaren babesarekin.
Txapelketaren 14. edizioa da. Aurrekoa, hamahirugarrena, bertan behera geratu zen 2020ko martxoan, ia dena antolatuta zegoenean. Horregatik erabaki dute edizio hura errespetatzea eta aurtengoa 14. izendatzea.
41o partaide
Antolaketa lanetan berria da aurtengo lantaldea, baina «gogoz» heldu zioten eginkizunari pandemiak utzi zienean. «Txapelketa itzultzeko gogoa genuen. Herrian giro paregabea jartzen du, torneo oso polita da, eta gainera, jokatu egin nahi genuen, guk, eta gainerakoek ere bai».
Txapelketarako «gogo» hori agerian geratu da izena eman duten taldeen kopuruarekin. Guztira 33 izango dira lehian, 410 jokalari. Neskak eta mutilak, aurten inoiz baino neska gehiago gainera, eta adin askotakoak, 16 urtetik hasita. Talde guztiek dute izena, oso izen berezia, txantxa puntuarekin jarritakoa.
Finala, uztailaren 2an
Larunbatean, maiatzaren 21ean jokatu ziren lehen partidak, eta uztailaren 2an izango da finala, goizez, hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partidaren ondoren. Amaieran, azken urteetan bezala, bazkaria egingo dute partaide guztiek, Azokan. Futbol zelaian bezala, ez da girorik faltako, sariak banatu ondoren bazkalondoa eta arratsaldea alaitzeko elektrotxaranga bat kontratatuko dutelako, edo trikipoteoa egin.
Bitartean, astebururo izango dira partidak. Futbol taldeak zortzi multzotan banatu dituzte, bosteko bat kenduta, guztiak laukoak. Multzoen barruan, hiru partida jokatuko ditu talde bakoitzak, eta lehen fase horretan puntu gehien lortzen dituzten biak igaroko dira hurrengora. Hor hasiko da finalerako fasea.
Laguntzaile ugari
Antolatzaile taldea laukoa da, baina laguntzaile ugari dituzte. Udala eta Ilintxa daude horien artean, baita sarietarako dirua eman dieten herriko tabernak eta komertzioak ere. Gaztetxeak eta txosna batzordeak ere lagundu dute, eta Bikuñara animatzera joaten direnek ere bai.