Segurtasuna, balio handi hori
Goierriko Gurutze Gorriak 50 boluntario pasako taldea mugiaraziko du lasterkarien eta ikusleen osasuna eta segurtasuna bermatzeko .Aholkuak ere eman dituzte.
Korrikalariak, ikusleak eta boluntarioak soilik ez, Zegama-Aizkorriko asteburuan kale egin ezin dutenak osasun eta larrialde zerbitzuetako boluntarioak dira. Aurreko urteetan bezala, 50-55 inguruko lantaldea jarriko du karreraren zerbitzura Goierriko Gurutze Gorriak.
Zegamako plazan jartzen dute koordinaziorako eta osasun larrialdiak artatzeko postu nagusia, eta hortik bideratzen dituzte egiteko nagusiak. Puntako anbulantzia izaten dute han, eta beste bat Urbian. Medikuak eta erizainak egoten dira horietan.
Ibilbide guztian zehar
Horiez gain, lur orotako 13 ibilgailu barreiatuko dituzte maratoiko zirkuituan zehar: Iramendin, Atabarretan, San Adrianen, Sancti Spiritun, Urbian –2 edo hiru–, Itzubiagan, Oazurtzan eta Moanon. Ibilgailuak iristen ez diren lekuetan, berriz, mendiko erreskateetan adituak diren sorosleak egongo dira Aratz gainean, Aizkorrin eta Andraizko jaitsieran. Hamabost desfibriladore ere jarriko dituzte probaren zerbitzura. Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako boluntarioek osatzen dute lantaldea.
Aholkuak
Goierriko Gurutze Gorriak maratoi eguneko korrikalariei eta ikusleei emandako aholku sorta.
· Ibilbidetik ez urrundu. Seinaleztatutako ibilbidetik ez urrundu, ezagutu ezean arriskutsua izan daiteke eta.
· Oinetakoak. Oinetako egokiak erabili mendira joateko, erosoak eta zoru egokikoak..
· Abisuei adi. Antolatzaileek eta larrialdi zerbitzuek eman ditzaketen abisuei adi egon.
· Beroa. Bero egiten badu, ura edan behar da, eta ahal izanez gero eguzki izpietatik urrundu.
· Ezbeharrak. Istripu edo ezbeharren bat gertatuz gero, antolatzaileei edo Gurutze Gorriari jakinarazi. Lehen sorospeneko teknikak ezagutuz gero, zaurituari lagundu.
· Bideak libre. Larrialdietako ibilgailuei bidea libre utzi. Antolatzaileen eta boluntarioen aginduei men egin.
· Ingurumena zaindu. Aizkorri-Aratz parke naturala da. Zaborrik ez botatzeko dei berezia egin diete ikusleei.