Ausa Zaldibi taldeak 2.Mailan txapela janzteko finala jokatuko du, Andoainen
Areto futboleko Gipuzkoako 2. Mailako igoerako goierritarren derbia Ausa Zaldibiren alderako izan da. Larunbatean, Lazkaoko kiroldegian, itzulerako partida 3-2 irabazi zion Lazkao Gaur Logistikak, baina joaneko 6-2koa baliatu dute zaldibiarrek.
Kanporaketa zen, eta irabazleak Gipuzkoako 1. Mailara igotzea zuen saria. Ausa Zaldibiak lortu du. Lazkao 2-0 aurreratu zen lehen zatian, baina bina berdindu zuen Zaldibiak bigarrenean.
Txapela jokoan
Beste sari bat ere eskuragarri du Zaldibiak: 2. Mailako txapeldun garaikurra. Finala bihar (15:45) jokatuko du Ausa Zaldibik, Aloña-Mendiren aurka, Andoaingo Allurralde kiroldegian.
Zaldibiatik autobusa antolatu dute finalera joateko.













