Urolak 50. urteurreneko festa ospatuko du
Urola Kirol Elkarteak mende erdia ospatzeko festa eguna antolatu du ekainaren 18rako.

Urola Kirol Elkarteak festa handi bat egingo du ekainaren 18an, klubaren 50. urteurrena ospatzeko. Bazkaria eta kirol ekitaldiak egongo dira, besteak beste.
Bazkaria Ederrena pilotalekuan izango da, 14:30ean. Menuak 40 euro balio du eta txartelak ekainaren 10era arte egongo dira salgai ondorengo tokietan: Toki Alai (Maritxu), Oleta, Hirukia eta Bidezar tabernak, Txindoki eta Ezkurra kafetegiak, ATA Harategia, Doña Maximina oinetako-denda, Urbe jantzi-denda eta Argixaoko kantina.
Ekainaren 18rako, bazkariaz gain, beste hainbat ekitaldi antolatu ditu Urolak Argixaon. 10:30etik aurrera puzgarriak egongo dira Luis Urdangarin zelaian (goiko zelaia). Gainera, 3?3 futbol txapelketa bat jokatuko da. Bi adin tartetako neska-mutilek jokatuko dute: 4-8 eta 9-12.
Bestalde, zelai nagusian hainbat futbol partida jokatuko dira. 10:00etan, Urolako eta Ilintxako beteranoek indarrak neurtuko dituzte. 11:30ean hiruko txapelketa bat hasiko da. Emakumezkoen hiru taldek parte hartuko dute: Urolako seniorrak, kadete mailako Gipuzkoako selekzioa eta kadete mailako Bizkaiko selekzioa.
11:15ean, Argixaoko berdegune berriaren inaugurazio ofiziala egingo dute Zumarragako Udaleko ordezkariek, Urolako zuzendaritzak eta 50. urtemugako batzordeak. Iazko abuztua eta iraila bitartean aldatu zen zelaiko belar artifiziala.