Zegama, aparkaleku erraldoia
Lasterketa mundu osoan da ezaguna pilatzen den zale uholdeagatik. Ibilgailu mordoa da hori, aldi berean. Boluntario talde bat arduratzen da aparkalekuak kudeatzeaz, herria ez dadin blokeatu.
Zegama-Aizkorri lasterketa bertako eta atzerriko korrikalari askoren proba kuttuna da, zaleek sortzen duten giroa bezalakorik ezin delako topatu beste inon. Milaka zaletu elkartzen dira bide bazterrean. Eta milaka auto ere bai. Zegama eta inguruko mendiak parking erraldoi bat bilakatzen dira asteburuan. 3.000 edo 4.000 ibilgailu elkartu daitezkeela esan du aparkalekuen kudeaketaz arduratzen den boluntario talde batek.
Hamar lagun inguru dira denera kudeaketaz arduratzen direnak. Batzuk herrigunean egiten dute lan; beste talde bat Aldaola eta Beunde inguruez arduratzen da, eta hirugarren batzuk, Otsaurten, herriguneko eta mendiko lotura lanak egiten. Ibai Aizpeolea, Unai Arakama, Asier Berasategi, Igor Elizegi, Jon Etxezarreta eta Ander Ormazabal dira beraietako batzuk. Goierriko Hitzarekin elkartu dira ezinbestekoa baina ezkutukoa den lan honen nondik norakoak argitara ateratzeko.
Etxezarreta aritzen da arduradun lanetan, nahiz eta kudeaketa horizontala dela zehaztu. Elizegik dio berak «fitxatu» zuela taldera, «laguntzeko», orain dela ia 20 urte, eta hala hasi zela. Arakama ere oroitu da fabore gisa eskatu ziotela, eta kuadrillan hasi zirela. Betiko lagunak dira Aizpeolea, Ormazabal eta hirurak. «Horrela errazago egiten da lan», aitortu du.
«Eta, hamaiketakoarekin», gehitu du Elizegik. Mokadu bat jateko tartea hartzen dute, garagardo eta ardo apur batekin. «Lanean aritzen gara, baina festa ere bada», zehaztu du. Merezi dute. 06:00ak aldera ekiten diote lanari, eta 15:00ak aldera amaitzen dute. «Urtero izaten da igandezaleren bat lasteketa hasita etortzen dena, berandu. Baina etorri behar duena garaiz ibiltzen da», azaldu du. Lasterketa Sancti Spiritutik lehenago igarotzen denez mendialdeko boluntarioak lehenago jaisten direla zehaztu du Aizpeoleak. Beraiek 13:00ak alderako herrian izaten dira.
Lasterketa ikusteko tarterik ez dute izaten, baina. Arakamak aitortu du beraiek azken korrikalariak helmugaratzen ikusteko aukera izaten dutela, «justu-justu». Herrigunekoek, ez ordea. Etorri direnak arazorik gabe joan daitezen eurei lan egitea tokatzen zaie. «Arratsaldean herria hutsik gelditzen da», nabarmendu dute. Barealdiaren aurretik, ordea, ekaitza izaten da.
Lanean, lasterketa aurretik
Ekaitza goiz hasten da, gainera. Lasterketa aurretik ere lana egitea egokitzen zaie. Bezperan seinalizazioa jartzen eta eremuak prestatzen aritzen dira, esaterako. Bizilagunei kotxeak euren garajeetan sartzeko ere eskatzen diete, toki gehiago izan dezaten. Azken urteetan, gainera, Ertzaintzarekin planifikazio lanak ere egiten dituzte, trafikoko agenteen laguntza izaten baitute maratoiaren egunean.
Esperientziari esker lanak geroz eta errazago egiten diztuztela azaldu dute. Denek daramatzate urteak, gehiago edo gutxiago izan arren. Halere, beti dagoenez zer hobetua, urtero aldaketaren bat izaten dela zehaztu dute. «Azken aldian karabanekin eta camper estiloko furgonetak izaten dugu zailtasun gehien. Ostegunerako etortzen dira lehendabizikoak, gu prest egon baino lehen, eta herria bete egiten dute», aipatu du Etxezarretak. Aurten, tamaina handiko ibilgailuen uholdea aurreikusita, ikusleen karabanek eta furgonetek ezingo dute herrigunean aparkatu. Industrialdean aparkatu beharko dute eta anezka autobusetan, mugitu.
Boluntarioek euren hitza errespetatzen dela sentitzen dute, baina pairatu izan dituzte une desatseginak eta sudur puntan jartzen zaien tokian aparkatzen duten gidariak. «Behin garaje baten aurrean aparkatu zuen batek. Jabea erditzeko zorian zegoen, eta ezin zuen kotxea mugitu», oroitu du Etxezarretak. Autobusen eta anbulantzien joan etorria oztopatzen duten autoak ere behin baino gehiagotan izan dira. «Pilatzen diren ibilgailu guztiekin arazoak gutxi izaten dira», kendu dio garrantzia Arakamak. Gainera, antolatzaileek, lasterkariek eta horien senitartekoek aparkalekuetako boluntarioen lana estimatzen dutela sentitzen dute.
Iparrorratzik gabe
Ikusle gehienak ingurukoak izaten direla aipatu dute bertatik bertara lanean aritzen direnek. Halere, euskalki ezberdinak entzuten dituzte, Zegamara Euskal Herri osotik etortzen delako jendea. Atzerritik baita ere. Herrialde Katalanetatik jende asko etortzen dela aipatu du Elizegik. «Tarteka tokatzen da frantsesez edo ingelesez galdetzen duen norbait. Keinuka denok ulertzen gara», gaineratu du. «Batzuetan ia hobeto da norbera gidatzen jartzea», egin du txantxa Etxezarretak. Barrezka erantzun diote ingurukoek. Halere, galduta ibiltzen direnak bakan batzuk izaten direla kontatu dute. «Kanpotik datozenak herrigunera etortzen dira. Mendira joten direnak ingurukoak izaten dira, mendi bideak ezagutzen dituztenak, eta ez da arazo nabarmenik izaten», azaldu du Aizpeoleak.