Dantzari Txiki Eguna itzuliko da Legazpira, igandean
Legazpi, Urretxu, Zumarraga, Antzuola eta Oñatiko dantzariek parte hartuko dute. Dantza festa goizetik bakarrik izango da aurten.
Korosti Dantza Taldeak antolatuta, 35. Dantzari Txiki Eguna ospatuko da igandean Legazpin, bi urteko etenaren ondoren. Aurtengo festa berezia izango da, goiz partean bakarrik ospatuko delako. Gainera, ohiko data baino beranduago dator, apirilaren amaieran egiten baita beste urteetan.
Partaidetza ere ohi baino txikiagoa izango du aurtengo Dantzari Txiki Egunak, Korosti eta Sustraiak herriko taldeetako dantzariez gain, Zumarraga-Urretxuko Irrintzi, Urretxuko Lurra, Antzuolako Oinarin eta Oñatiko Oñatz taldeetako txikiak ere izango dira. Goiz Deia Txistulari taldea, Doinua Musika Eskolako trikitilariak eta dultzaineroak eta Iratzarri Dultzaineroak izango dira laguntzen.
Dantza festa 11:00etan hasiko da Laubiden. Han elkartuko dira dantzari guztiak, eta 11:45ean abiatuko dira kalejiran, Santikutz kaletik behera, eliza parerako. Handik Nafarroa kalera joko dute, eta Kale Nagusitik gora igoko dira plaza aldera. Kale Nagusian talde guztiek dantzatuko dute batera 12:15ean. Kalejira plazara joango da, eta han azken dantza saioak egin eta gero, 13:30 inguruan emango zaio amaiera Dantzari Txiki Egunari.